Saharako exodoa Irunera ekarri du Ana Valiñok
Emakume sahararren testigantzen, argazkien, familia artxiboen eta objektu pertsonalen bidez, 'Basamortuko emakumeen bidaia' erakusketa sortu du Valiñok, eta gaur ireki da Amaia KZn.
Ana Valiño argazkilariak Basamortuko emakumeen bidaia izeneko erakusketa ireki du gaur Amaia KZn. Argazki eta ikerketa proiektua 2015ekoa da, Saharako emakumeekin hainbat urtetan garatutakoa. Emakume sahararren testigantzen, argazkien, familia artxiboen eta objektu pertsonalen bidez Saharako exodoa bizi izan zuten emakumeen memoria berreskuratu du Valiñok, eta beren herriaren biziraupenean eta antolaketan izan zuten funtsezko zereginari balioa eman dio.
Erakusketak 30 argazki biltzen ditu. Horien artean topa daitezke emakumeen erretratuak, hennarekin atzemandako argazkiak eta Rabuniko Informazio Artxiboko eta etxeko beste artxibo batzuetako argazkiak dituzten inprimategiko kaxoi zaharrak. Irudi horiek ikerketa prozesuarekin batera joan dira, eta eskuz esku ibili dira Saharako emakumeen artean.
Kaxoi horietako espazio hutsak ere obraren parte dira: galdu diren edo amonek bilobei transmititu ezin izan dizkieten oroitzapenak sinbolizatzen dituzte, fisikoki leku bat utziz falta den memoria horretarako.
Basamortuko emakumeen bidaia ohiko argazki erakusketa bat baino gehiago da. Aipatutako 30 argazkiekin eta artxiboko bi tiraderekin batera, 214 orrialdeko eskuizkribu fotografiko bat aurkeztu da, proiektuaren garapenean eraikia eta protagonistek idatzita. Bertan beren bizipenak eta erretratuak jaso ditu egileak.
Erakusketan, gainera, ikerketa prozesuan erabilitako argazkiak edota emakumeek eta familiek lagatako objektuak aurki daitezke. “Beren bizitzako historiei zuzenean lotutako materialak dira, sahararren memoriara hurbiltzea ahalbidetzen dutenak, dimentsio intimo eta pertsonal batetik”.
Basamortuko emakumeen bidaia erakusketak argazkigintza garaikidearen, artxiboko argazkiaren, ahozko memoriaren, idazketaren eta objektu pertsonalen arteko elkarrizketa uztartzen du, eta kontakizun bat eraikitzen du, non emakume sahararrek beraiek laguntzen duten beren memoria berreskuratzen, identifikatzen eta transmititzen.
Erakusketa gaur inauguratuko da Amaia KZn, 19:00etan. Ana Valiñok bisita gidatua egingo du erakusketan zehar.

