EAJk 2,3 milioi euroko proposamenak aurkeztu ditu 2027ko udal aurrekonturako
Mugikortasuna, etxebizitza publikoa eta hondartzako kiroldegia dituzte hizpide jeltzaleek, baina bestelako arloak ere izan dituzte kontuan, adibiez, Haur Txoko bat sortzeko plana.
EAJk aurkeztu du jadanik datorren urteko aurrekonturako inbertsio proposamena eta zein arlotarako izango liratekeen. Gaur goizean aurkeztu du Maria Serrano udal bozeramaileak 2.309.250 euroko proposamen sorta.
Mugikortasunaren arloa dute oinarrizko gisa jeltzaleek. Proposatu dute 200.000 euro bideratzea hiriko autobusen geltokiak egokitzeko, beste 200.000 euro egungo bidegorriak lotzeko eta bizikletentzako bide berriak eraikitzeko. Eta hirugarrenik, 150.000 euro Javier Ugarteko aparkalekuaren proiekturako. “Herritarren egunerokoan eragin zuzena duten gaietan jardun nahi dugu, eta horretarako plangintza eta baliabideak behar dira”, nabarmendu du Serranok.
Etxebizitzaren auzia da hurrena, konkretuki, etxebizitza publikoa. Dirua bi proiektura bideratzea proposatu dute. Batetik, 150.000 euro Biteriko etxebizitza publikoen proiektura. Eta bestetik, 100.000 euro udal etxebizitza sail bat sortzeko, horrek kudeatu ditzan udalerriko etxebizitza publikoen proiektuak.
Era berean, hondartzako kiroldegiari dagokionez, EAJren arabera, itsasertzaren gaineko eskumenen egoera berriak ahalbidetzen du inguruko inbertsioetan aurrera egiteko. Horregatik, proposatu dute 40.000 euro bideratzea belar artifizialeko futbol zelaiko ikusleen eremuaren zati bat estaltzeko, eta 30.000 euro kiroldegiaren inguruko auditoria egin eta berritza-plana prestatzeko.
Bestelako jarduerak ere badituztela kontuan nabarmendu du Serranok, horien artean, udal ludoteka edo Haur Txoko bat sortzeko plana. Hori eraikitzeko bideragarritasun azterketa egiteko 30.000 euroko aurrekontua proposatu dute. 50.000 euro, berriz, Mendeluko errekan konportak ezartzeko aukera planteatzeko, Mugandoko kalteak saihesteko irtenbideak bilatze aldera.
Jeltzaleak aurrekontuak zehaztu ez baditu ere, proposamenen artean daude, halaber, tokiko merkaritza sustatzeko eta babesteko neurriak, eta hainbat arlotan hobekuntzak egiteko asmoa, adibidez, landa bideen eta erreken mantentze lanetan, suteen prebentzioan edota ondarean.
Bukatzeko, Serrano kritiko agertu da gobernuaren eskakizunarekiko. Azaldu duenez, gobernuak oposizioari eskatu zion berak baino lehen aurkeztu zitzan aurrekonturako proposamenak, nahiz eta, azpimarratu duenez, gainerako erakundeetan alderantziz egin. Jeltzaleek eskatutako lana eginda, ikusteke dago azkenean zein proposamen aterako diren aurrera.

