Gutuna: "Babacar, Senegalgo lehoia"
Amaia Agirregabiria Alberdi antxotarrak gutuna bidali du HITZAra, Babacar Welerren hilketaren harira.
Amaia Agirregabiria Alberdi antxotarrak gutuna bidali du HITZAra, Babacar Welerren hilketaren harira. Hura duela hamar urte pasatxotik ezagutzen zuen. Jarraian, hitzez hitz, Agirregabiriak esandakoak:
Babacar, Senegalgo lehoia
Horrela ezagutu nuen duela hamar urte pasatxo. Bere rasta luzeak, reggae soinuaren erritmora astinduz. Tipo handia, bai gorputzez, bai bihotzez. Xelebrea, askotan. Senegaldik etorria zen, maitasunaren atzetik, etengabe maitemintzen den horietakoa. Lana bilatu eta emakume euskaldun batekin seme-alaba asko izan nahi zituen. Ederrak eztabaidak genituenak horren harira.
Espetxe baimen baten bueltan, Martutenera eramatea egokitu zitzaidan. Aurretik gosaltzera joan ginen Kolon pasealekura. «Baina, ez al zaude ramadanean?», galdetu nion; baietz, baina gero berak Alarekin egiten zituela kontuak. Maite zuen mendian ibiltzea, Aiako Harrian gora eta behera ibili ginen zenbaitzuetan. Antxoko Txirrita euskaltegian ere izena eman zuen, beste jatorri batzuetako herritarrentzat antolatutako euskara ikastaro batean. Handik urte batzuetara, nire espetxeratzearen bezperan herrian egin zidaten agurrean ikusi nuen, jada txima luzeak galduta.
Babacar ez du tiro batek hil. Aspaldian bereak egin zuen. Etorkizun hobeago baten bila etorri, kalea-espetxea-kontsumoa biribilgunetik ezin atera, eta buruko osasun gaitza topatu zuen, beste askok bezala. Ez da lehenengoa izan, ez azkena zoritxarrez.
Hortik, bi hausnarketa. Ez al da nahiko agerikoa sistema integratzailea izan beharrean asistentzialista hutsa dugula? Gure instituzioen ‘bezero’ zen aspalditik. Jotzen ari gaituen gaitzaren sintoma besterik ez.
Bigarrenik, aurrean dugun polizia ereduarena. Batzuk, pozik, labana duen gizon beltz ‘gaiztoarengatik’ libratu gaituelako. Beste batzuentzat, kezka eta beldurra, osasun mentalaren gaitzen krisialdien aurrean polizian ohikoa bihurtzen ari den esku-hartze koldar eta hiltzaileaz kezkati.
Agur Babacar, everything’s gonna be alright.
Amaia Agirregabiria Alberdi. Pasai Antxo.

