'Emakumeak Itsasoan' egitasmoa, itsasoarekin berriro konektatzeko
Emeki elkarteak urrirako antolatu duen doako programa da, Aldundiaren 'Emakumeak mugimenduan' programaren baitan. Hondartzan izango diren ordu eta erdiko saioetan emakumeek euren ongizatea landu eta itsasoarekiko harremana indartuko dute.
2025eko Emakumeak Itsasoan programa.Antxeta Irratia Ongizatea, itsasoa eta emakumeak. Horiek dira ‘Emakumeak Itsasoan’ programaren hiru zutabeak. Emeki emakumeen elkarteak antolatu duen emakumeentzako doako egitasmoa da. Urrian zehar izango da, Hondarribiko hondartzan, eta helburua da ongizatea landu eta itsasoarekin harremanak estutzea.
Elkarteak azaldu duenez, 15-20 inguruko emakume taldeetan banatuta, itsasoaren eta naturaren bidez, lasaitu, gorputzarekin konektatu, emozioei lekua egin eta norberaren ongizateari arreta eskaintzeko saioak dira. Antxeta Irratiak jaso duenaren arabera, igeriketa profesionalen eskutik espazio segurua, hurbila eta motibatzailea eraikiko dute. Itsasoan izango bada ere, elkarteak zehaztu du ez dela igeri egiten jakin behar.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Departamenduak eta Arazi Ideiak Borobiltzen enpresarekin batera sortutako Emakumeak mugimenduan egitasmoaren barruko programa da. Iaz egin zuten lehen edizioa, Kontxako hondartzan, Donostiako eta Pasaiako Erroak elkarteko emakumeekin. Arrakastatsuak izan ziren lau saioak, eta beraz, bueltan da programa.
Hondarribian egingo duten edizioaren datak zehazteke daude oraindik, baina bi talde egongo dira; lehena 10:00etatik 11:30eara, eta bigarrena, berriz, 11:30eatik 13:00etara. Doakoa da, baina izena eman behar da, 688 827 871 telefonora deituta.

