Zerbitzu gehiago Hondarribia eta Donostia lotzen dituen BI02 eta BI07 linea berrietan
BI02 linea 07:15etatik 09:15etara ordu erdiro irtengo da Hondarribitik, eta gauean, linea bera, 22:10ean irtengo da Donostiatik. Bestalde, BI07 lineak zerbitzu bat gehiago izango du; 07:30ean irtengo da herritik Donostiaruntz.
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Domínguez Igor Enparan Hondarribiko alkatearekin elkartu da, eta jakinarazi dutenez, urriaren 1etik aurrera martxan jarriko diren linea berriek aurreikusitakoa baino zerbitzu gehiago izango dituzte. Batetik, BI02 lineak, Hondarribitik Donostiara autobidetik joaten denak, ordutegian doikuntza batzuk izango ditu. Eta bestetik, BI07 lineak, Hondarribi eta Irun Donostiarekin lotzen dituenak, zerbitzu gehiago izango ditu. Ibilbide gehigarriak eta aldaketak goizaldeko zerbitzuetan izango dira, “bermatzeko herritarrak lanera eta eskola garaiz iristen” direla.
BI02 linea, orain arteko E21 zerbitzua, 05:30ean eta 6:30ean abiatuko da Hondarribitik. Ondoren, hurrengo irteerak honako hauek izango dira: 7:15ean (bigarren autobus batekin indartuta), 8:15ean, 8:45ean eta 9:15ean. Ordu horretatik aurrera, Hondarribiko irteerak orduero izango dira, 10:30ean hasi eta 21:30ak arte, ñabardura batekin: 15:30ean atera beharrean, 15:40an aterako da. Hondarribitik irtengo den BI02 linearen azken autobusa 22:40ean izango da.
Linea horren Donostiako irteerei dagokienez, doikuntza batzuk egin dituzte eta eguerdiko irteera orduak honakoak izango dira: 14:10ean, 15:10ean eta 16:10ean. Gainera, lanetik berandu irteten direnengan pentsatuta, azaldu dutenez, Gipuzkoa plazatik Hondarribira joateko 22:10ean autobusa irtengo da.
Bestalde, BI07 lineak, aurreko E23, E24 eta E28 lineak, irteera gehigarri bat izango du. 07:30ean irtengo da Hondarribitik, eta hala, 08:20ean iritsiko da Donostiara.
Zenbait herritarrek kexa agerrarazi dute azken egunetan Lurraldebuseko linea berrien aldaketengatik, argudiatuta herritarrentzat murrizketak ekarriko dituela. “Emakida berria iragarri zenetik, iradokizun eta ekarpen ugari jaso ditugu, eta arin ari gara lanean erabiltzaileen beharrei erantzuteko, Lurraldebuseko gainerako lineekin egin dugun bezala”, adierazi du Dominguezek. “Hondarribiko Udalarentzat funtsezkoa da zerbitzu berria bizilagunen eguneroko beharretara egokitzea. Eskerrak eman nahi dizkiot Azahara Domínguez diputatuari, ordutegietan egokitzapenak egiteko eta aurrerantzean ere zerbitzua hobetzen jarraitzeko erakutsi duen konpromisoagatik”, gehitu du Enparanek.

