Lehen sorospen ikastaroak eskainiko ditu DYAk udazkenean
Ohiko larrialdiak zeintzuk diren eta zer-nolako protokoloak jarraitu behar diren erakutsiko dute, besteak beste.
Gipuzkoako DYAk lehen sorospen ikastaroak eskainiko ditu udazkenean Hondarribian. Urriaren 9an suspertze teknikak eta desfibriladorea erabiltzen ikasteko doako tailerra egingo dute, 18:00etatik 20:00etara. Urriaren 23an, berriz, larrialdi baten aurrean jarraitu beharreko protokoloa azalduko dute hitzaldi baten bitartez, eta ohiko larrialdiez ohartaraziko dute, adibidez, hemorragia larriak eta erredurak. Hitzaldi hori ere doakoa da, eta ordutegi berdinean izango da.
Bukatzeko, azaroaren 7tik 22ra, 30 orduko lehen sorospenen ikastaroa egingo dute. 09:00etatik 14:00etara izango da, larunbatetan eta igandeetan. Ikastaroan, eguneroko larrialdiak aztertu eta horiek artatzeko jarraibideak erakutsiko dira. Behin eginda, nahi duenak Sorospen titulua atera dezake kurtso amaierako azterketara aurkeztuta. Ikastaroaren matrikula 120 eurokoa da.
Klaseak DYAko Hondarribiko egoitzan izango dira, Soroetagain kalean, 6-7 behean. Herritar orori irekitako klaseak dira, baina lekuak mugatuak direnez, izena eman behar da 943 464 622 telefonora deituta edo DYAren webgunean sartuta.

