Aste osorako janaria, bi ordutan prestatuta
'Azokatik Mahaira: Sukaldean Behin' tailerra emango dute datorren urriaren 3an. Tokiko produktuekin egindako menu orekatua eta osasuntsua antolatzen ikastea da helburua.
Aurtengo Baserritarren Egunaren postu bat.HITZA ‘Azokatik Mahaira: Sukaldean Behin’ tailerra egingo dute datorren urriaren 3an, larunbatean, 11:30ean, azokan bertan, bi ordutan aste guztirako menu orekatua, osasungarria eta iraunkorra antolatzen ikasteko. Gipuzkoako Azoken Sareak eta Landaola Gipuzkoako Landa Garapen Elkarteen Federazioak antolatu du, Hondarribiko Udalarekin elkarlanean, eta Anne Otegi sukaldariak eta Aitziber Aizpuru nutrizionistak emango dute tailerra.
Azaldu dutenez, elikadura-ohiturak hobetzeko, denbora aurrezteko eta inguruko produktuen balioa ezagutzeko aukera izango da, tokiko produktuak erabiliko baitira menua prestatzeko. Era berean, elikagai bakoitzaren balio nutritiboa eta osasuntsu elikatzeko aholkuak emango dituzte. Gainera, kozinatzeaz gain, dastatzeko aukera ere izango da. Izena ematea ez da beharrezkoa, bertaratzearekin nahikoa da.

