Hamarretik bederatzi puntu jaso ditu Solas Jolas udaleku euskaldunak
552 haurrek parte hartu dute Solas Jolasen, eta gurasoen %91ak 4 edo 5 batekin baloratu du. Udagiro udalekuetan, berriz, 90 plazak bete dira eta helburuen %80 baino gehiago asetu dira.
Udan ere euskararen erabilera bermatzeko helburuarekin sortu ziren Solas Jolas eta Udagiro udalekuak. Lehena Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako haurrentzat da, eta bigarrena, berriz, beste herrialdeetatik etorritako gazteentzat, euskararen erabilera indartzeko.
Bada, uda amaitu den honetan, atera dituzte ondorioak eta pozik agertu da Irungo Euskara ordezkari Josu Iguiñiz. Solas Jolasean parte hartzeko 826 haurrek eman zuten izena, eta azkenean 552k parte hartu dute, ia denek uztaileko txandan.
Familien gogobetetze inkesta nabarmendu du udalak: 5etik 4,57 puntu jaso du udalekuak, eta gurasoen %91k 4ko edo 5eko puntua eman dio. Hezitzaileen eta haurren ongizatea baloratu dute hoberen senideek, baina baita txangoak ere. Gauzak horrela, datorren udararako izena emateko sistemak aztertuko dituztela aurreratu du udalak.
Bestalde, Udagiro programarako 110 eskaera jaso zituzten, baina azkenean 90 plaza bete dira. Gazteak Irungo hamalau ikastetxeetakoak dira, 10 eta 17 urte bitartekoak, nahiz eta %64 DBHko ikasleak izan. Azaldu dutenez, hasieran proposatutako helburuen %80 baino gehiago bete dira beraz, asebeteta daude.
Aipatu bezala, bi udalekuak euskararen babesguneak indartzeko eta aisialdian euskararen erabilera bermatzeko dira. Helburuak bete dira, dirudienez, hortaz, udalak eskerrak eman dizkie hezitzaile, koordinatzaile eta irakasleei, baina batez ere, familiei, “udan ere euskara aukeratzeagatik”.

