Aranzadi elkarteak 20 urte egin ditu Jaizubiako hegaztiak ikertzen
Gipuzkoako Foru Aldundiak parke naturalera egindako bisitan azaldu dute bi hamarkadetan guztira 25.000 hegazti eta 80 espezie baino gehiago identifikatu dituztela. Halaber, parkearen biodibertsitatea zaintzen jarraitzeko Aldundiak Europako 2,5 milioi euroko diru laguntza eman du.
Jaizubia parke naturala Txingudiko erreserban dago. Inguruko zein Euskal Herriko naturgune garrantzitsuenetakoa da, balio ekologiko handia duelako, urtero milaka eta milaka hegaztik migratzen baitute bertatik. Aranzadi zientzia elkarteak 20 urte daramatza hegazti horien ibilbidea eta hegaztiak beraiek ikertzen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.
Horiek horrela, astelehenean, irailaren 14an, Gipuzkoako Foru Aldundiak Jaizubia bisitatu du. Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendoza eta Lurralde Oreka Berdeko foru diputatu Xabier Arruti bertaratu dira. “Txingudi Gipuzkoako balio ekologiko handienetakoa da. Gure ongizate integrala zaintzeak lurralde oreka berdea zaintzea eta gure ingurune naturala babestea ere esan nahi du”, adierazi du Mendozak.
Aranzadik azaldu duenez, bi hamarkadetan 25.000 hegazti baino gehiago identifikatu dituzte, guztira 80 espezie baino gehiagokoak. Identifikatutako espezien artean lezkariak nabarmentzen dira, zingira inguruetan ibiltzen diren hegaztiak, baita papo-urdinak ere. “Hegaztiak identifikatzeaz gain, hegaztien populazioak nola eboluzionatu duen antzeman dugu”, esan du Aranzadiko Ornitologia zuzendari Juan Arizagak.
Paduraren dinamika naturala lehengoratu
Bi hamarkadetan lortutako emaitzak biltzeaz gain, ikerlariek bisitan gogoratu dute padura lehengoratzeko prozesuan dabiltzala, biodibertsitatea zaintzeko eta lurraldea klima aldaketara egokitzeko. “Amute eta Mendeluko bizilagunek ondo dakite uholdeen arazoa gero eta handiagoa dela. Horrelako irtenbideek arriskua murrizten dute”, argitu du Mendozak.
2025ean 2,5 hektarea berreskuratu ziren, baina etorkizunera begira jarri dira eta azaldu dute beste 5,5 hektarea berreskuratzeko asmoa dutela. Horretarako, Foru Aldundiak lortutako Europako 2,5 milioi euroko finantzaketa ahalbidetuko du Aranzadik.

