Eskaintza berriak 'Bizi gogoz' programaren barruan
Lau tailer egingo dituzte urritik azarora bitarte, eta komunikazioa, inprobisazioa, Adimen Artifiziala eta artea landuko dituzte. Adinekoei zuzendutako doako ikastaroak dira eta jada irekita dago izena emateko epea.
Irungo Udalak bi urte daramatza adinekoei zuzendutako ‘Bizi gogoz’ programa antolatzen, sormena eta ongizate mentala eta fisikoa sustatzeko helburuarekin.
Udazkenerako lau proposamen aurkeztu ditu udalak astelehen goizean egindako prentsaurrekoan. Hasteko, Olga Grande kazetariak Ideien kluba tailerra emango du urriaren 2tik azaroaren 20ra arte, ostiralero, 17:00etatik 19:00etara, Palmera Monteron. Kazetariak nola komunikatu argiago erakutsiko du, lotsa galdu eta jendearen aurrean seguruago hitz egiteko.
Bigarrenik, Patxi Pérez aktoreak Antzerki inprobisazioa lantzeko ikastaroa emango du urriaren 8tik azaroaren 26ra arte, ostegunero, 11:00etatik 13:00etara, Lekaenen. Jolasak eta antzerki teknikak baliatuta, parte hartzaileek enpatia eta mugikortasuna landuko dute.
Hirugarrenik, Yeye Studios-eko informatikariek Adimen Artifizialari buruzko klaseak emango dituzte, urriko asteazken guztietan, 17:00etatik 18:00etara, Palmera Monteron. Adimen Artifizialari buruzko hastapen tailerra izango da; oinarriak eman eta nola erabili erakutsiko dute.
Azkenik, Junkal Alfonso artistak +60 ART: Léon Bonnat tailerra emango du, azaroko astearte guztietan, 17:00etatik 19:00etara, Palmera Monteron. Bonnat artista frantsesaren figuratik abiatuta, interesa duten herritarrek korronte artistiko eta artista esanguratsuak ezagutu ahalko dituzte. Gainera, tailerraren amaieran, azaroaren 26an, Baionako Bonnat-Helleu Museora txangoa egingo dute.
Ekintzak doakoak dira eta bihar irekiko da izena emateko epea; irailaren 15etik 25era egongo da irekita. Era berean, zozketa ere egingo dute, irailaren 28an 12:30ean Palmera Montero plazan.

