Talo, gazta eta opil artean igaro dute baserritarren eguneko goiza
Baserritarren egunaren baitan bete egin da Zumardia goi-goizetik. Barazkiak eta jaki goxoak erosteko aukera izan dute herritarrek, baita abereak laztandu eta baserriko makineria begiratzekoa ere.
Amaierara iritsi dira Hondarribiko Jaiak; gaur gauean, su artifizialekin, agur esango diete festei herritarrek. Dena den, oraindik egun osoko festa geratzen da, hain justu, baserritarren eguna da gaurkoa. Goiz-goizetik, kolorez eta usainez bete da Zumardia. Barazkiak alde batetik, sagardoa eta taloa bestetik, eta tartean opilak, goiza ederra izan da.
Batzuk kuriositateak bultzatuta buelta bat ematera gerturatu dira, beste asko eskolako txangoa egin eta madalena batekin itzuli dira, asteko erosketa egitera bertaratu dira beste pare bat, eta azkarrenak talo, sagardo eta musika artean hamaiketakoa eginda joan dira etxera. Kioskoaren beste aldean, aldiz, abereak, idiak, behiak eta pare bat zaldi; hasieran beldurrez gerturatu zaizkie herritarrak, konfiantza hartu duten arte. Bestalde, traktoreak eta baserriko makinen erakusketa ere egon da, interesatuentzat.
Egunarekin jarraitzeko, 10:30etan IV. Toka Txapelketa egin dute Kasino Zaharreko lorategian, eta gero, 12:00etan Peñagarikano eta Mendiluze bertsolarien bertso saioa izan da. Jarraian, 18:00etan, herri kirolak eta trikitilariak izango dira. Hona hemen goizeko argazkiak eta arratsaldeko egitaraua:
Arratsaldeko egitaraua:
- 17:30: Zirku antzezpena, Orain-bi konpainiaren eskutik, Arma plazan.
- 18:00: Baserritarren EGunaren jarraipena, herri kirolekin eta trikitilariekin.
- 18:30: Haurrentzako txokolatada Kasino Zaharrean.
- 18:30: Euskal ERromeria Santiago kalean.
- 19:00: A&B Shows bingo musikatua gazteentzat, Kasino Zaharrean.
- 19:30: PRofesional mailako pilota partidu jaialdia.
- 20:30: Pantxoa eta Peioren kontzertua Bentan.
- 21:00: Zezensuzkoen entzierroa San Pedro kalean.
- 22:30: Su artifizialak Butron pasealekutik ikusteko.

