Hondarribiko kultura ondarea ezagutzeko tailerrak antolatu dituzte
Ondarearen Europako Jardunaldien baitan, Arma Plaza Fundazioak "erregistro artistiko gidatua" egingo du datorren urriaren 3an. Herritarrek herriko testurak kalkatu eta koaderno batean estanpatuko dituzte; helduei zein familiei bideratutako tailerra da.
Gipuzkoako Foru Aldundiak Europar Batasunarekin elkarlanean antolatzen dituen jardunaldiak bueltan dira. Herrietako kultura ondarearen inguruan hausnartzeko asmoz antolatzen dituzte, ondarea nola kontserbatu eta baloratu erakusteko.
Hondarribiaren ondarea ezagutarazteko, Hondarribiko testurak deituriko jarduera egingo dute datorren urriaren 3an, larunbata. Ekintzan herritarrek koaderno batean herriko testura desberdinak kalkatu eta estanpatuko dituzte, “erregistro artistiko” gisa.
Ekimena Arma Plaza Fundazioak antolatu du eta Judas Arrieta artistak gidatuko du. Ordubete inguruko doako saioa izango da, baina izena eman behar da aldez aurretik. Bi tailer mota egingo dituzte, bata familientzat, 10:30etatik 11:30etara eta 16:00etatik 17:00etara; eta bestea, berriz, helduentzat, 12:00etatik 13:15etara. Tailerrak Santa Maria atean hasiko dira, eta euria eginez gero, Gipuzkoako plazan.

