Aritz Arratibelek eta Sandra Pierak irabazi dute 48. Guadalupeko Igoera
Larunbateko lasterketan 283 korrikalarik parte hartu dute, eta horietatik 252 iritsi dira helmugara. Haurren Guadalupe Txiki lasterketan, berriz, 129 korrikalari irten dira.
Gizonezkoen eta emakumezkoen podioa.Super Amara Bat Bidasoko Atletiko Taldea Festarako gogoa bai, baina kirolerako ere bai. Hala frogatu dute hondarribiarrek larunbatean 48. Euskalduna Guadalupeko Igoera eta 14. Laboral Kutxa Guadalupe Txiki lasterketetan. Jai Nagusietarako egun baten faltan, beste urteetan baino jendetsuagoa izan da Guadalupeko Igoera; 283 korrikalarik parte hartu dute, eta horietatik 252k lortu dute helmugara iristea. Txikien kasuan, aldiz, 1 eta 13 urte bitarteko 129 haurrek egin dute korrika.
Gizonezkoen mailan, Aritz Arratibelek irabazi du, 17 minutu eta 15 segundorekin. Lasterketa erdia hiru korrikalariz osatutako taldean egin du, baina gero aurreratu eta lehenengo iritsi da helmugara. Jarraian, gizonezkoen podioa:
- Aritz Arratibel (17:15)
- Iñaki Gerica (17:24)
- Iñigo Fernandez de Barrena (17:29)
- Eñaut Gonzalez (17:34)
- Eneko Etxebarrieta (17:37)

Emakumezkoen kasuan, Sandra Piera atleta irundarrak irabazi du, 21 minutu eta 13 segundorekin. Ez da lehen aldia irabazten duela, 2018an eta 2023an ere eskuratu baitzuen urrezko domina. Jarraian, emakumezkoen podioa:
- Sandra Piera (21:13)
- Nerea Sarriegi (22:18)
- Irati Osa (22:19)
- Ainhoa Elortegi (23:20)
- Olatz Zabala (23:24)

Dena den, irakurleak estekan klik egin eta sailkapen osoa ikusi dezake. Lasterketaren ostean, korrikalariek hamaiketakoaz gozatu dute txistorra eta frutarekin. Super Amara Bat Bidasoako Atletiko Taldeak eskerrak eman dizkie korrikalariei, boluntarioei, babesleei zein erakundeei, udaltzaingoari eta ikusleei, lasterketa egitea ahalbidetzeagatik.

