Ongizatearen Plaza Hondarribian, esperientzia "oso oparoa"
Bi egunetako jardunaldien ostean, bukatutzat eman dute Gipuzkoako Foru Aldundiak herrian jarritako "plaza irekia". Adituen batera, herritarrek askotariko gaien inguruan hausnartzeko aukera izan dute, hala nola elikadura osasuntsuaz, borondatez aukeratzen ez den bakardadeaz edota kirolaren ekarpenaz.
Amaitu da Gipuzkoako Foru Aldundiak Hondarribian abiatutako Ongizatearen Plaza ekimena. Atzo eta gaur, uztailaren 29a eta 30a, bitarte egon da zabalik “elkar entzun, hausnartu, iritziak partekatu eta gozatzeko topagunea”, San Pedro kalean. Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendozak “oso oparoki” baloratu ditu bi egunotako jarduna: “Guztion ongizatean eragina duten eguneroko gai eta errealitate emergenteak landu ditugu, elkarrekin eraikitzeko aukera zabalduta”, esan du. Hortaz, eskerrak eman dizkie bertaratu diren herritarrei, norberaren ongizatea “modu kolektiboan” lantzeko “ezinbestekoak” direlako, dioenez.
Askotariko gaiak landu dituzte. Adibidez, goizean elikadura osasuntsua eta nutritiboaren inguruko solasaldia egin dute, Eli Gallego nutrizionista eta dietistarekin batera. Hitzaldian osasunari, gorputz aniztasunari eta ongizateari buruz hausnartu dute. Ondoren, aukeratzen ez den bakardadeari buruz hausnartzeko, Ados teatroaren hiru dokumental labur eman dituzte. Bukatzeko, Ongizatearen Plazari amaiera emateko pertsonen bizitzak kirolak duen eraginari buruz jardun dira, Hondarribiko HS2 Surf Kirol Klubeko kideekin.
Hondarribiko Ongizatearen Plaza Gipuzkoako Foru Aldundiaren bederatzigarren saioa da, baina datozen hilabeteetan saio gehiago egingo dituzte Gipuzkoako herri desberdinetan.

