'Larrialdiak larri' lelopean, elkarretaratzea
Osasun Bidasoa plataformak elkarretaratzea deitu du hilaren 13rako osasun publikoaren egoera okerrera doala argudiatuta.
Osasun Bidasoa plataformak elkarretaratzera deitu du hilaren 13an (larunbata da), 19:00etan, Irungo Zabaltza plazan osasun publikoaren egoera okerrera egiten ari dela salatzeko.
Gaur goizean agerraldia egin dute, eta nabarmendu Bidasoa Ospitaleko pediatriako larrialdiak itxi zirenetik Bidasoa Ospitaleko larrialdi zerbitzuko zein Irungo Erdialdeko Etengabeko Arreta Guneko (EAG) profesionalek salatutako egoerak arrisku handia dakarrela Bidasoko larrialdi arreta zerbitzua kolapsatzeko.
“Osakidetzak agindutako hobekuntzak bete ez izanak eta osasun-arreta behar bezala antolatzeko eta planifikatzeko erakutsi duen ezintasunak ezinegon handia sortu dute herritarren eta profesionalen artean”, diote.
Agerraldian, bestalde, azaldu dute Bidasoa Ospitaleko larrialdi zerbitzuko 22 medikutatik 17k eta Irungo Erdialdeko EAGko 19 langiletatik 17k publikoki salatu dutela zein baldintza prekariotan ari diren lanean. “Salatzen duten egoera larriak larrialdi arretan murrizketa berriak ekar ditzake. Zuzendaritzaren kudeaketa desegokiak eta profesionalen nekeak eta motibazio faltak langileak beste eskualde batzuetara joatea eragiten dute, eta horrek ezinbesteko zerbitzuak berriro murrizteko aitzakia eman dezake”.
Ildo horretatik, nabarmendu dute Bidasoa Ospitalea dela Gipuzkoan guardiako pediatriarik ez duen ospitale bakarra.
Egoera horren aurrean, eskaera argia da: “Ez dugu murrizketa gehiago onartuko. Pediatriako larrialdiak berreskuratzea eskatzen dugu. Nahikoa da bete gabe promesekin. Zerbitzuen antolaketa eta planifikazio faltak profesionalak urruntzen ditu eta osasun publikoaren etorkizuna arriskuan jartzen du. Kudeaketa txarra ezin da izan zerbitzuak ixteko aitzakia. Kontsultak, proba diagnostikoak eta ebakuntza kirurgikoak Bidasoatik kanpoko zentro pribatuetara bideratzeak arreta kalitatea murrizten du, eta arazoa betikotzen du”.

