Hondarribitik abiatu da Zero Zabor Uretan egitasmoa
Herriko ikasleek erakusketa ibiltariari ekarpena egin diote. Uztailean iritsiko da Hondarribira egitasmoaren itsasoko zatia.
Zero Zabor Uretan lehorretik abiatu da aurtengoan. Izan ere, Hondarribiko ikastetxeetako haurrek sortutako ehunka mezu jaso, eta Zero Zabor Uretan erakusketari gehitu dizkiote, Zabor eta Bio erraldoien laguntzarekin. Erakusketa hori Ficoban asteburuan egingo den Bioterra azokan ikusteko aukera izanen da. Mater Itsas Museo Ekoaktiboaren ekimenez garatuko da kanpaina lehenengo lehorrean, eta uztailean portuz portu joango den Mater arrantza ontziaren bitartez; uztailaren 19tik 21era izango da ontzia Hondarribian.
Itsas hondakinen arazoari buruz gogoeta egiteko egitasmoa da Zero Zabor Uretan. Hausnarketarekin batera konpromisoak lortu eta irtenbideak bilatu nahi dituzte parte hartzearen bitartez. Hala, egitasmo ibiltaria da, hainbat herritan izango da, eta tokian tokiko eragileak izango ditu konplize Materrek xede dituen helburuak lortzeko.
Asteazkenean inauguratu zuten erakusketa Hondarribiko Kultur Etxean; handik, Bioterrara lekualdatuko dute. Han izan ziren Garoa Lekuona eta Lupe Queiruga zinegotziak, herriko ikastetxeetako ikasleak (Talaiako, Ama Guadalupeko eta Egiluzeko LH4koak), eta Mater-eko Ane Goenaga zein Yeissa Arruabarrena.

