Hondarribia, emakumeen futbolaren erakusleiho
Tximist Fundazioak Tximist Cup txapelketaren hamargarren urteurrena ospatuko du aurten. Hondarribian 14 eta 17 urtez azpiko taldeen partidak jokatuko dira, hilaren 12tik 14ra.
Tximist Fundazioak Tximist Cup-aren hamargarren urteurrena ospatuko du aurten. Tximist Cup emakumeen futboleko nazioarteko txapelketa gisa finkatu da. Egitarauaren barruan, 14 eta 17 urtez azpiko taldeen txapelketak jokatuko dira Hondarribian hilaren 12tik 14ra, Donostian She Leads izeneko kongresua egingo da hilaren 17an, eta Zubietak beteranoen Legends Txapelketa jasoko du Reala, Athletic eta Villarreal taldeen artean.
Aintzane Encinas Tximist Fundazioko lehendakariak adierazi du “oso berezia” izango dela hamargarren ekitaldia, nazioarteko klub onenetako batzuk, emakumeen kiroleko liderrak eta futbolari mitikoak bilduko baitira Gipuzkoan, “fundazioak kirolaren bidez aukera berdintasunarekin, integrazioarekin eta garapen sozialarekin duen konpromisoa berretsiz”.
Nerea Isasi Berdintasunerako Foru Organoaren zuzendariak, aldiz, txapelketaren “indar eraldatzailean” jarri du arreta: “Tximist Cup ikasteko, elkarbizitzarako eta belaunaldi berrien garapenean funtsezkoak diren balioak proiektatzek gune bihurtzen da. Batez ere, horrelako egitasmoek goi mailako kirolean emakumeen presentzia normalizatzen eta imajinario kolektibo anitzagoa sortzen laguntzen dute, non neskatilak eta nerabeak asmo betez elkar ezagutu eta proiektatu ahal izango diren”.
Bestalde, honakoa esan du Roberto Ramajo Kiroletako foru zuzendariak: “Tximist Cup-ek hamar urte bete ditu eta sasoi betean ari da. Hamar edizio emakumezkoen futbola etorkizuna ez dela erakusten: orain da. Gipuzkoak lehen mailako klubak eta talentua, anbizioa eta mundua irensteko gogoa duten jokalari gazteak hartu ditu berriro. Txapelketa honek zerbait garrantzitsua egiten du: neska askori futbola eurena ere badela esaten die. Erreferenteak gertu izatea, lehiatzea, ikastea, beste herrialde batzuetako jokalariekin esperientziak partekatzea… horrek guztiak arrastoa uzten du. Eta aztarna horrek eraikitzen du berdintasuna, alderdiz alderdi. Tximist Fundazioaren hamar urteko lanak errekonozimendu zintzoa merezi du. Ideia bat hazi, batu eta Gipuzkoa emakumeen kirolak benetako lekua duen leku bihurtzen duen zerbait bihurtu dute”.
Hondarribia
Lehen aipatu bezala, Hondarribian 14 eta 17 urtez azpiko taldeen partidak jokatuko dira, hilaren 12tik 14ra bitartean. Herrian puntako hamar talderen harrobiko jokalariak arituko dira: Reala, Bartzelona, Real Madril, Manchester United, Sporting de Portugal, Hammarby, Queens Park Ladies, Alaves, Eibar eta Wolfburg.
Azken hamar urteetan 20.000 jokalari baino gehiago igaro dira txapelketatik eta 80 klub baino gehiagok hartu dute parte, “Tximist Cup topagune bihurtuz maila globalean emakumeen futbolaren talenturako, prestakuntzarako eta balioetarako”.
Bigarren urtez jarraian, Tximist Cup The Equality Ball baloiarekin jokatuko da, “Tximist Fundazioak aukera berdintasunarekin duen konpromisoa irudikatzen duen eta helburu soziala duen” proiektuak babesteko. Iniziatiba horren bidez sortutako baliabideak nazioartean eragina duten egitasmoak bultzatzeko aukera ematen dute, eta, besteak beste, Kenyan lehen The Equality Stadiuma eraikiko da, azaroan inauguratzea aurreikusten dena.
Horrez gain, proiektu horrek baloiak eta kirol materiala hainbat herrialde eta komunitatetan banatzea sustatzen jarraitzen du, “kirola eta gizartea eraldatzeko tresna gisa erabiliz”.
She Leads eta beteranoak
Hilaren 17an She Leads kongresuaren edizio berri bat egingo da Donostiako udaletxeko Osoko Bilkuren aretoan. Topaketa horrek Realeko jokalariak, futbolari ohiak, entrenatzaileak, kudeatzaileak eta kiroleko liderrak bilduko ditu, “lidergoari, aukera berdintasunari eta emakumeak kirol eta gizarte arloan duen rol eraldatzaileari buruz hausnartzeko”.
Bestalde, Zubietak beteranoen partidak jasoko ditu Realaren, Athleticen eta Villarrealen parte hartzearekin. Lehiak hasi aurretik familiei omenaldi bat egingo diete, “hamar urte hauetan zehar milaka jokalariren garapen pertsonalean eta kirolean duten funtsezko eginkizuna aitortuz”.
Eragin globala
Tximist Fundazioak nazioartean duen irismena zabaltzen eta mundu osoko futbolari gazteentzat aukera berriak sortzen jarraitzen du. Dimentsio sozial eta inklusiboak ere hazten jarraitzen dutela adierazi dute sustatzaileek. Aurten Hegoafrikako gizarte proiektuetako neskek Tximist Cup-en esperientzia bizitzeko eta Realarekin batera txapelketan parte hartzeko aukera izango dute.
Fundazioak baietsi du bere eragina futboletik harago doala: “Aukerak sortzeko, berdintasuna bultzatzeko, integrazioa sustatzeko eta kirola gizartea eraldatzeko benetako tresna izan daitekeela erakusteko lan egiten dugu. Hamar urte geroago, hazten eta amets egiten jarraitzen dugu, munduko edozein lekutan inpaktua sortzeko”.
Hamarkada bateko historia, jokalariak, nazioarteko klubak eta hainbat kontinentetan garatutako gizarte proiektuak kontuan hartuta, Tximist Cup-en hamargarren ekitaldiak bere misioa berretsi duela zehaztu dute antolatzaileek: “Futbola aldaketaren motor gisa erabiltzea, berdintasunezko gizarte inklusiboagoa eta aukeraz beterikoa eraikitzeko”.

