"Billabak sortzerakoan estigma edo harresi bat hautsi genuen"
Abestea ez da adineko jendearen gauza soilik. Gazteak gutxinaka sartzen ari dira, eta Herri Kantan horren adibide dira Billabak eta Marla abesbatzak.
Billabak abesbatza 2017. urtean sortu zen, xede argiarekin: Herri Kanta egunean gazteen presentzia bermatzea. Azken bederatzi urteetan hortan izan dira, eta jada jaialdian beteranoak bihurtu dira. Iñaki Gezala musikaria abesbatzako kide da, eta aurten ere, bertan izango da.
Nola ulertzen duzu zuk Herri Kanta?
Argi dago Herri Kanta aukera bat dela. Urtean zehar, lanagatik edota ordutegiagatik abesbatza batean egoteko konpromisoa hartu ezin dutenentzako aukera. Nire ustez taldean abesteari herriak egiten dion omenaldi bat da, eta badu aberastasun handia, jende oso ezberdina elkartzen garelako bertan. Ez dago mugarik bertan parte hartzeko, eta hori bera aprobetxatu beharreko zerbait da.
Osasun onean daude abesbatzak Hondarribian?
Tradizio handia izan da betidanik Euskal Herri mailan, elkartzeko eta abesbatzetan kantatzeko. Ni duela 30 urte ez nengoen hemen, baina bazeudenek kontatzen digute gazte asko aritzen zirela abesbatzetan. Egun, abesbatzak mantentzen dituztenak garai hartan gazteak ziren horiek dira. Abesteko gogoa duen jendea badago, eta urtero erakusten da. Eskifaia eta Xatz abesbatzek urtean zehar egiten duten lana hor dago, eta Herri Kantan urtero aurkezten dira hamar bat abesbatza.
Belaunaldi gazteek musikarekin harreman estua izan dute txikitatik. Zure ustez, musika instrumentuak ahotsaren gainetik gailendu dira gazteen artean?
Gaur egun ekintza asko daude haurrentzat eta gazteentzat. Hainbeste aukera dituzunean, oso zaila da zerbaitek erakartzea, eta hainbat estimulu behar ditugun gizarte honetan, oso zaila da jendea ordu batez edo bi orduz entsegu batean kontzentratua egotea. Horrez gain, nik musika eskoletan ikusi izan dut, kirol ekitaldi bat musika ekitaldi baten egun berdinean izatean, beti irabazten duela kirolak. Gazteok aukera gehiago izan ditugu musika ikasteko, baina musika eskoletara bideratu izan da, abesbatzak beste alde batean utziz. Ez dut kritika moduan esaten, baina bai uste dut kasuistika hori argi eman dela.
Billabak eta Marla abesbatzek haize freskoa dakarte Herri Kantara. Zuek zarete jaialdi honen etorkizuna?
Nik uste bi abesbatzek badugula gazteen presentzia hori, eta hori argi ikusten dela. Baina beste hainbatetan ere badira 35 40 urte inguruko hainbat partaide, eta agian abesbatza osoa gaztea ez izan, badira oraindik aurrera begira urte asko dituztenak Herri Kantan. Ahoz ahoko prozesuak izaten dira horrelakoak, eta kuadrilla txikiak sortzen dira, denok gustuko dutenak taldean abestea.
Herri Kantak sortzen duen giroak erakartzen ditu hainbat pertsona abesbatzetara batzera?
Nik uste baietz. Baina ez da soilik Herri Kanta eguna. Horrera iristeko egindako prozesu guztia ere garrantzitsua da, eta nire ustez, disfrutatu beharrekoa. Ikusten duzu nola zerotik hasten zara abesti batekin, nola lantzen duzun, eta, azkenik, zer nolako harrera izaten duen publikoaren aurrean. Talde lan bat da azkenean, eta hori ulertzea oso garrantzitsua da. Nik beti esan izan dut abesbatza bat musika instrumentu bat dela, taldean jotzen dena.
Herri Kantan gazteak batzeko sortu zenuten Billabak. Helburua bete duzue?
Nik uste Billabaken sorrerarekin estigma edo harresi moduko bat hautsi zela. Taldeko askok ez zuten inoiz haien burua imajinatuko abesten, baina sorrera horretan zeuden. Lehen urtean hamahiru ginen, hurrengoan 21 eta hirugarrenean 42. Igoera horrek erakusten du beldur moduko bat kendu genuela, eta hainbat jende batu zela, abesteko gogo hori bazuten eta. Gaur egun, jende gaztea irekia dago abestera. Agian, haiek ez dute haien burua hortan ikusten, baina seguru aski badute norbait inguruan badabilela. Duela hamar urte nik uste egoera ez zela horrelakoa. Eta horren harira, zuzendarien papera goraipatu nahiko nuke. Gure kasuan, Aritz Enparanek sustaturiko proiektua izan da, eta Marlaren kasuan, adibidez, Axel Cartonek lanketa handia egin du taldea osatzeko.
Abestea jende helduaren gauza denaren aurreiritziak urruntzen ditu gazteak, agian?
Nolabait bai. Baina hori oraingo gauza da. Gaur egun Eskifaian dauden pertsonek hainbatetan kontatzen digute duela 30 urte normalena gazteak abesten ikustea zela. Gure belaunaldiak, hamabost urte inguru genituenean, ez genituen gazteak abesten ikusten, eta ikustekotan, giro akademiko batean izaten zen, musika eskolan edo kontserbatorioan, ez jai giroan. Erreferenteak edukitzea oso garrantzitsua da, eta guk ez genituen izan, baina orain jada gauzak beste modu batekoak dira.
Badira diotenak ez dakitela abesten, eta horregatik ez direla hurbiltzen. Abesten ikasi egiten da edo eduki beharreko gaitasuna da?
Lehenengo oztopo edo beldur hori hautsita, edozer egin dezakezu. Gu lehenengo urtean 13 ginen, eta hirugarrenean 40 baino gehiago. Nik uste horrekin dena azaltzen dela. Etengabean gaude ikasten, eta ez gu, gazteak, bakarrik, Herri Kantako edozein partaide baizik. Askok galdetzen diote bere buruari ea kapazak izango diren, baina azkenean beldur hori kendu egin behar da. Nota gaizki emateari beldurra? Esaldi bat ahazteari? Denok egin ditugu eta egingo ditugu akatsak, eta hori ez da garrantzitsua nire ustez. Ikasitakoa erakustea da garrantzitsuena, eta Gipuzkoa plazan goiz polit bat pasatzea.

