Tokiko euskarazko hedabideen funtzioaz, HITZAren mahai-inguruan
OARSO BIDASOKO HITZAren papereko edizioak 1.000. zenbakira iritsiko da maiatzaren 15ean. Horren harira, mahai-ingurua antolatu du HITZAk Lezoko Gezalan (18:00).
OARSO BIDASOKO HITZAren papereko edizioak, egun astekari den horrek, 1.000 zenbakia beteko du maiatzaren 15ean. Zenbaki borobil horren harira hainbat dira HITZAk prestatu eta antolatu dituenak. Horien artean, mahai-inguru bat: hilaren 15ean bertan Lezoko Gezala Auditoriumean jarriko du HITZAk solaserako tartea, galdera bati erantzun nahian: zein da egun tokiko euskarazko hedabideen funtzioa?
18:00etan hasiko da mahai-ingurua. Hizlariak, edo galdera horri erantzuna eman nahian izango direnak tokiko euskarazko hedabideetako kideak izango dira: Antxeta Irratiko Aitziber Zapirain Etxaniz, Oiartzun Irratiko Alazne Etxeberria Oiartzabal, eta OARSO BIDASOKO HITZAko Urko Etxebeste Petrirena. Haien hizketaldiak neurtzen eta bideratzen Urtzi Urkizu Adrian Berria-ko kazetari eta idazle lezoarra ariko da.
1.000. zenbakiaren aitzakiarekin sortua duen komunitatera are gehiago hurbildu nahi du OARSO BIDAOSOKO HITZAk. Horregatik, solasaldira hedabidearen komunitateko kide direnak eta oro har euskarazko hedabideen gaineko sentsibilitatea dutenak daude gonbidatuta, irekia baita. Baina, tokiaren erreserba aurrez egin behar da aforo mugak neurtze aldera: egin erreserba hemendik.
Hizketaldiaren ondoren mokadutxoa jateko aukera izango da, hitzaldian esandakoak hobeto irensteko, eta tarte goxo batean komunitate hori biltzeko.

