"Ahaztutako itsas memoria berreskuratzea dugu xede"
Itsas ondarea berreskuratzea du helburu Hondarribiko Udalak. Haien ekimenez, eta herriko elkarteekin elkarlanean, itsasoa protagonista izango da asteazkenetik larunbatera.
Itsasoa, Hondarribiko nagusia. Milaka hondarribitar bizi izan dira itsasoaren menpe. Arrantzaleak, saregileak, portuko langileak, etxean itxaroten zuten familiak… denek izan dute itsasoa nagusi. Egun, Hondarribiko Kai Berrian geroz eta barku gutxiago daude, baina badira oraindik ehunka arrantzale bertan lanean. Ondarearekin lotzen dute askok jada itsasoa, eta hori bera zaintzeko askotarikoak dira egitasmoak. Duela bi urte egin zuten lehen aldiz Hondarribia Itsas Herria, itsasoaren inguruan komunitatea eta herria sortzeko xedearekin.
Itsasoa ardatz izanda, hirugarrenez egingo da Hondarribia Itsas Herria.
PIO PEREZ: Hala da. Azken finean Hondarribia Itsas Herria bada modu bat ahaztutako memoria bat gaur egunera ekartzeko. Funtsean guk horrela ikusten dugu, Hondarribia ezin baita ulertu itsasorik gabe. Denok disfrutatzeko, itsasoarekin zerikusia duten hainbat ekitaldi egitea dugu xede, herriari zuzenduta, noski.
ORTZI ALONSO: Itsas topaketa modura deskribatzen dugu egitasmoa. Hasterakoan, duela bi urte, hausnarketa txiki bat egin genuen, eta konturatu ginen itsasoaren harira ekitaldi txiki asko egin zirela azken urteetan, baina bazegoela behar bat, itsas ondarea sendotzeko ardatz bat. Herri arrantzalea izan da Hondarribia mendeetan zehar, gaur egun jada arrantza herri batean bilakatu den arren.
Asteazkenean (hilaren 6an) hasi eta iganderaino iraungo du programazioak, ezta?
PEREZ: Hori da. Aurten hainbat ekitaldi izango ditugu, askotarikoak. Batzuk nabarmentzearren, hasieratik hasita, asteazkenean Hondarribiko senegaldar komunitateari keinu eginez pelikula bat proiektatuko dugu, eta ondoren, horren inguruan mintzatzeko mahai-inguru bat izango da. Ostegunean, Hondarribiko Udalaren ekimenez berreskuratu den herriko azken gabarraren prozesua irudikatzen duen dokumentala ikusi ahal izango dugu. Maria Intxaustegi esploratzaile eta itsas historialariaren hitzaldia ostegunean izango dugu.
ALONSO: Emakumearen eta itsasoaren arteko harremanaren inguruan sakondu nahi izan dugu honekin hasi ginenetik. Beti izan dugu tarte bat hori bera jorratzeko, eta aurten ikusgarritasun handiarekin egingo dugu, Mariaren bizipenekin. Horrez gain, Senegaldik etorritako pertsonengana hurbiltzeko prozesu hori egitea buruan izan dugu azken urteetan. Azkenean, lortu dugu herriko senegaldar batzuekin kontaktua egitea. Dokumentalaz gain, larunbatean borroka senegaldarraren erakusketa bat egingo dute Kai Zaharrean.
Herri arrantzalea, herri turistikoan bilakatu al da?
PEREZ: Gaur egun herri arrantzale izaera, ekonomikoki behintzat, berreskuratzea ezinezkoa da. Arrantzak, egun, ematen duenerako ematen du. Galdera garrantzitsua dugu hor: zer bukatuko da lehenago, arrantzalea ala itsasoa?
ALONSO: Arrantza sektorea hor dago, eta garrantzitsua da oraindik herrian, baina argi dago zerbitzu herri batean bilakatu dela Hondarribia. Jakin behar dugu nondik gatozen, zer izan garen, baina baita nora goazen ere. Uste dut badugula zor bat, denboraren poderioz itsas elementu asko galdu ditugu eta. Oinarrizko gauza horiek, txikitasunetik bada ere, berreskuratu nahi ditugu, eta noski, belaunaldien arteko transmisiorako baliatu.
Atzera begirako lanketa bat badago bertan, herriaren izaera horren bilakaerarena. Baina, aurrera begira jartzeko asmoa ere baduzue, ezta?
ALONSO: Bai, noski. Ez dugu erromantizismo hutsal batean erori nahi. Izan ginena, egin genuena… Melankolia etsitu horretan ez dugu sakondu nahi, baina aurrera egiteko errespetutik eta izan ginenetik begiratu behar dugu atzera.
PEREZ: Aurrera begiratzeko aukera ederra izango dugu ostiralean. Maxi Castrillejo itsas zientzialari hondarribiarrak aurrera begirako hitzaldi bat emango digu. Nolakoa izango da Hondarribia hemendik 50 urtera itsas mailak gora egiten jarraitzen badu? Horrelako galderak erantzuteko edo lantzeko aukera izango dugu.
Udalaren ekimenez, baina hainbat eragilerekin elkarlanean.
ALONSO: Horrelako topaketak badira deialdi modura erabiltzeko zerbait. Herria deitu nahi dugu gaia landu dezagun. Argi dago herriko eragileekin elkarlana oinarrizkoa eta beharrezkoa dela horrelako zerbait egiterakoan. Done Pedro Itsas Gizonen Kofradia, Sustraia elkartea, Beduola itsas elkarte zumaiarra, Etxara Palestinaren aldeko elkartea, Izugarria erraldoi konpartsa… Herria batu behar dugu. Historia, izena eta izana, hori dut buruan azkenaldian, eta horrek ederki irudikatzen du zein izen dugun eta zer izaera ematen digun horrek. Herriari begirako jardunaldiak dira hauek. Kanpotik jendea etortzen da, eta ongi etorriak dira, baina komunitatea sortzeko beharra dugu, eta itsasoa bada amankomunean dugun hari bat.
Berreskuratu beharreko elementu txikiak aipatu dituzue. Gabarra al da haietako bat?
ALONSO: Bai, eta urtero ematen diogu bere espazioa. Lehenengo urtean dokumentala izan zen, bigarrenean gabarraren aurkezpena, eta oraingoan, testigantzen bilketa, bideo formatuan. Horrekin batera, bagabiltza beste itsas elementu batzuk bereganatzen. Harrigarria iruditzen zait Hondarribia bezalako herri batean hainbeste itsas elementu galdu izana. Baditugu, noski; kofradian asko daude, baina beste asko falta dira. Lehenago Bekoerrota ondoan zegoen San Francisco Glorioso itsasontziko sareak garraiatzeko orga eskaini digute, adibidez. Horrelako gauzak gorde nahi ditugu, ondarea dira eta. Jende askok bere etxeetan edo xaietan gauza asko ditu, eta horiek gorde beharreko gauzak dira. Gauza txikiak dira, baina esanguratsuak.
Transmisioa. Gazteak erakartzea zaila al da?
PEREZ: Erronka bat da dudarik gabe. Lanketa hau pertsona gutxiren artean egiten dugu, eta denongana iristea zaila da. Egitasmo aberatsa, baina txikia da hau. Herritarrek egutegian gorriz markatutako egunak izatea nahi dugu, erreferentziazkoak izatea. Aurrera goaz, eta dudarik gabe beste hainbat edizio egiteko asmoarekin. Guk ez dugu Pasaiako Itsas Festibal baten modukoa izan nahi. Gauza txikiagoa da, baina herrian eragina izan dezakeena.
ALONSO: Elkarteen arteko elkarlanaz mintzatu naiz lehen, eta hurrengo urterako badugu helburu argi bat: Herri Olinpiadekin elkarlan bat asko gustatuko litzaiguke. Itsas Proba egiten dute haien programazioaren barnean, eta ederra izango litzateke bi datak elkartzea eta batera egitea.
Egitaraua
Hilak 6, asteazkena
- ‘Los cayucos de Kayar’ dokumentala, 19:00etan, Itsas Etxean.
Hilak 7, osteguna
- ‘Gabarraren azken uhera’ dokumentala, 19:00etan, Itsas Etxean.
- Maria Intxaustegi esploratzailearen hitzaldia, dokumentalaren ondoren.
Hilak 8, ostirala
- Kofradiako bentara bisita gidatuak, 09:00etan eta 11:00etan.
- Maxi Castrillejoren eta Iñaki de Santiagoren hitzaldia: ‘Itsas maila gora doa: zerk eragiten du, zer espero dezakegu gurean eta nola presta gaitezke etorkizunerako?’. 19:00etan, Itsas Etxean.
- ‘Ondarribi Itsas Herri’ dokumentala, hitzaldiaren ondoren.
Hilak 9, larunbata
- Itsas modelismo erakustaldia, 11:00etan, Zumardiko beltxargen parkean.
- Hegamotzaren ronkeo erakustaldia, 12:00etan, San Pedro kalean.
- Parrillada, antxoarekin eta hegamotzarekin, 13:00etan, Madalen kalean.
- Marmitako jana, 14:30ean, Arrantzale auzoan.
- Kale jarduerak, 17:00etatik aurrera, Kai Zaharrean: DJ Trikitrack, Izugarria Hondarribiko Erraldoiak, egurrezko batelen bela eta arraun erakustaldia, borroka senegaldarraren emanaldia, Matraka elektrotxaranga.
- Kontzertua, 22:00etan, San Pedro kalean.

