Eremu tentsionatuaren izendapena, geroz eta gertuago
Eusko Jaurlaritzaren eskuetan utzi du Hondarribiko Udalak izapidea, Tokiko Gobernu Batzarrak Ekintza Plana behin betiko onartu ondoren.
Iaz, Presa eraikineko bisita batean Denis Itxasok aipatu zuen Hondarribia tentsio eremu izendatzeko prozesua abiatzeko asmoa zuela Hondarribiko Udalak. Hilabete batzuk pasa dira hartatik, eta orain, azkeneko berriak dio Hondarribiko Tokiko Gobernu Batzarrak behin betiko onartu duela Hondarribia bizitegi merkatu tentsionatuko eremu izendatzeko Ekintza Plana. Erabaki horren ostean, udalak dagokion dokumentazioa eta eskaera formala igorriko dizkio Eusko Jaurlaritzari.
Jendeak apirilaren 13ra arte izan du eskaerak eta proposamenak sartzeko epea, eta orain, jasotako iruzkinak txosten tekniko batean jaso dituzte. Udalak adierazi duenez, jasotako iruzkin asko jada planean jorratuta daude, hala nola “gazteentzako etxebizitza laguntzen lerroa sortzea, etxebizitza parkearen birgaitzea indartzea, etxebizitza hutsak mobilizatzea, alokairu eskuragarria sustatzea edo HAPOaren garapena lehentasunez bultzatzea”.
Gislan enpresak egindako diagnostikoak hainbat datu azaleratu zituen. Alokairuen prezioari dagokionez, 2019 eta 2023 urteen artean, %19,7 igo zen, eta KPIa %16,5a izanik, aldea hiru puntukoa baino gehiagokoa da. Hori ez ezik, etxebizitzen salerosketari dagokionez, haien prezioa %25,5eko igo da 2019 eta 2024 urteen artean, KPIa baino 6,1 puntu gehiago. «Indikadoreek adierazten digute etxebizitzaren merkatuan desoreka handia dagoela, eta horregatik beharrezkoa da udalaren esku hartzea horrelako prozesu bat abian jartzeko», adierazi zion Estitxu Urtizberea hirigintza zinegotziak HITZAri.
Udalak Ekintza Plana Jaurlaritzara bidaliz, hurrengo pausoa izendapena lortzea izango litzateke, Eusko Jaurlaritzak ematen duena.
Eredu berriak
Udalak iragarri du etxebizitza eredu berrien azterketa indartuko dutela. Etxebizitza ereduak anitzak izan daitezke, baina udalak cohousingetan eta adinekoentzako bizitoki alternatiboetan jarriko du arreta bereziki. “Azken urteetan 55 urtetik gorako biztanleriaren hazkundeak behar berriak agerian utzi ditu, hala nola irisgarritasuna, autonomia pertsonala, zaintza-sareak eta komunitatean oinarritutako bizikidetza. Testuinguru horretan, cohousing ereduek eta antzeko formulek aukera ematen dute bakardade egoerei aurre egiteko”.

