Aldaketak datorren astean trafikoan zein autobus zerbitzuan
Udalak ikastetxe inguruetako plataformak margotuko ditu astelehenetik asteazkenera bitartean, eta horrek zenbait aldaketa eragingo ditu.
Baserritar kalean hilaren 29an egingo dituzte lanak. Hondarribiko Udalak herriko hiru ikastetxeren inguruko plataformak margotzeko lanak egingo ditu datorren astelehenetik asteazkenera, hilaren 27tik 29ra, hain justu. Helburua haur eta familien segurtasuna indartzea dela diote, eskola sarrerak eta inguruko bideguneak ikusgarriago eta seguruago bihurtuz. Hain zuzen, jarduera horiekin gidarien arreta handitu eta abiadura murriztea sustatu nahi dute.
Aurreratu dutenaren arabera, plataformen zoladura gorriz margotuko dute, eta seinaleztapena piktogramen bidez indartuko dute, helburua baita “gidariei argi adieraztea oinezkoen lehentasunezko gune batean daudela, arreta berezia jarri behar dutela eta abiadura moteldu behar dutela”.
Ildo horretatik jarraituz, Estitxu Urtizberea zinegotziak kontatu du plataforma horiek “oinezkoen lehentasuna ardi eta garbi adierazten duten espazioak” direla, eta gogorarazi du “oinezkoek edozein puntutatik zeharkatu ditzaketela, zebrabide erraldoi modura funtzionatzen baitute”.
Horretaz gain, zinegotziak dio esku hartze horiek haurrek egunero erabiltzen dituzten eremuetan egingo dituztela, eta horrek arreta berezia eskatzen duela: “Ez dira edozein bidegune; eskola inguruneak dira, eta, beraz, erantzukizuna eta jarri beharreko arreta are handiagoak dira. Haurren segurtasuna dago jokoan”.
Ondorioz, udalak dei egin du eremu horietan ibilgailuen abiadura errespetatzeko.
Lanekin 09:15ean hasiko dira, eta egunean zehar itxiko dituzten kaleak 18:00ak aldera irekiko dituzte berriro.
Trafiko mozketak eta autobus zerbitzuen aldaketak:
Hilak 27, astelehena. Sabin Arana kalea.
Trafikoa San Kristobal biribilgunetik Harresilanda kalera bideratuko da, eta Sabino Arana kaletik Irun kalerako noranzkoa Bidasoa kaletik egin beharko da. Zuberoa kalea ere itxita egongo da.
Hiri autobusari dagokionean, tarte horretan Sabin Arana igogailua geltokia ezabatuko da.
Hilak 28, asteartea. Biterri kalea.
Biteri kalea itxita egongo da biribilgunetik biribilgunera. Trafikoa Iturriberriko biribilgunetik Tximista kalera desbideratuko da herritik irteteko. Gernikako Arbola kaleko irteera itxita egongo da, eta bertako ibilgailuek Eroskiko aparkalekutik irten beharko dute. Santa Engraziako biribilgunetik ezin izango da Biteri kalera sartu, eta irteera Muliatetik egin beharko da.
Hiri autobusak ezin izango du Biteriko geltokia egin; Iturriberriko biribilgunetik Tximista kalera joango da, Txiplao ingurutik igaro eta zuzenean San Juan de Dios geltokira heltzeko.
Hilak 29, asteazkena. Baserritar etorbidea.
Baserritar etorbidean bi fasetan egingo dituzte lanak:
- 09:15-14:30. Mozketa Aspune kalearen ondoren egingo da. Foru kalerantz joateko, Bera kalea eta Donostia kalea erabili beharko dira. Hiri autobusak Aspunetik jaitsi ondoren, Baserritar etorbidean bira egin eta Bera kaletik sartuko da; handik Donostia kaletik Foru kaleko geltokira joango da.
- 14:30etik aurrera. Mozketa Bera kalerako sarbidearen ondoren egingo da. Hiri autobus zerbitzuari dagokionez, ezingo da hilerrira igo. Torrea geltokiaren ondoren, Bera kaletik Donostia kalera joango da, eta Foru Kaleko hiru geltokian berrekingo dio ohiko ibilbideari.

