Lanean Mugaz Gaindiko Enplegu Azokaren bigarren edizioa egingo dute, Ficoban
Maiatzaren 21ean, Gipuzkoa, Nafarroa eta Akitania Berriko sektore askotako 50 enpresa izango dira, 09:00etatik 13:30era.
Bidasoa Bizirikek enpleguaren aldeko apustu irmoa egiten jarraitzen du. Maiatzaren 21ean, Lanean Mugaz Gaindiko Enplegu Azokaren bigarren edizioa antolatuko dute Ficoban, Irungo eta Hondarribiko Udalekin batera. Azokan Gipuzkoako, Nafarroako eta Akitania Berriko sektore askotariko 50 enpresa bilduko dira, 09:00etatik 13:30era. Azokaren helburua enplegu bila dabiltzan pertsonak lan aukeretara hurbiltzea eta enpresekin harreman zuzena erraztea da.
Ostalaritza, elikadura, industria edo enplegu zerbitzuen hainbat enpresak parte hartuko dute, eta hauen bitartez, bertaratzen diren gazteek lan-eskaintza ugari eskuratu ahal izango dituzte goizean zehar. Elkarrizketa guneez gain, azokak hiru lurraldeetako enplegu-zerbitzuei buruzko informazio praktikoa eskainiko du, eta parte hartzaileek aukera izango dute azokan, bertan, euren CV-ak inprimatzeko. Bidasoa Bizirikek CV prestatzeko edo egokitzeko tailerrak eskainiko ditu datozen asteetan, azoka hasi baino lehen. Parte hartzeko 943 50 96 00 telefonoan hitzordua eskuratu beharko dute.
“Bidasoa Bizirikek lanean jarraitzen du lan-aukerak sortzen eta beren etorkizun profesionala bultzatu nahi dutenak laguntzen”, nabarmendu du Nuria Alzagak, Bidasoa Bizirikeko presidenteak. “Lanean tresna estrategikoa da enplegagarritasuna indartzeko eta mugaz gaindiko lurraldean lan-mugikortasuna sustatzeko, enpresak eta pertsonak espazio berean elkartzen diren ekosistema sortuta”, gaineratu du Estitxu Urtizbereak, Bidasoa Bizirikeko presidenteordeak.
Iazko urrian, azokaren lehen edizioa antolatu zuten; eta bertan 48 enpresa izan ziren euren eskaintzak zabaltzen. Enpresa horietatik %20a Ipar Euskal Herrikoak izan ziren. Enpresa hauen guztien artean, 182 lan-eskaintza aurkeztu ziren, ia 400 lanposturekin zerbitzu, industria, merkataritza eta gizarte-osasun arloetan.

