Super Amara BATek 37 domina eskuratu ditu Gipuzkoako Txapelketan
Hainbat atleta izan ziren lehian, tartean, Iker Piñeirak 100 metrotan 18 urtez azpiko Gipuzkoako errekorra berdintzea lortu zuen 10.64 segundoan.
Kirolari batek irabazteko sena behar du izan, eta hala erakusten ari dira Super Amara BAT taldeko atletek asteburuz asteburu. Larunbatean eta igandean hainbat lehiaketatan parte hartu du Bidasoko taldeak. Emaitza nabarmenenak Gipuzkoako Txapelketan lortu ditu. 16, 18, 20 eta 23 urtez azpiko eta Master kategorietan izan dira atleta ugari. Guztira, Super Amara BAT-eko 75 atletek parte hartu dute Gipuzkoako Txapelketan, eta 37 domin eskuratu zituzten.
Taldeko kirolarien artean Iker Piñeira nabarmendu zen. 100 metroko lasterketan 18 urtez azpiko Gipuzkoako errekorra berdindu zuen, 10.64 segundoan. Marka horrek Europako Txapelketarako gutxieneko marka da, baina Gipuzkoako Txapelketa ez da balioduna Europako Txapelketarako marka lortzeko. Hala ere, klubak aipatu du aire zabalean egiten duen denboraldiko lehen proba izan dela, eta ziur daude berandu baino lehen Europako Txapelketako gutxieneko marka lortuko duela.
Bestalde, proba konbinatuen Euskadiko Txapelketa eta Euskadiko Pentatloi Jaurtiketen Master Txapelketa ere jokatu dute asteburu honetan. Proba konbinatuan Rafa Casau 20 urtez azpikotan lehiatu zen, eta Iker Anautek, berriz, 18 urtez azpikotan parte hartu zuen. Master jaurtiketen pentatloian berriz taldeko kide bakarrak parte hartu zuen. Miguel Arburua Euskadiko txapeldunorde izan zen, 1583 puntu lortuta.
Plaiaundin, berriz, Eskolarteko Atletismo Txapelketaren lehen jardunaldia antolatu zuten. Igandean, hilak 19, kimu eta haur mailako atletek giro handiko eguna izan zuten. 563 haur izan ziren pistan, horietatik 121 klubekoak. Larunbat honetan, hilak 26, Tolosan izango dute bigarren jardunaldia.

