Kirola, Emakumeen Etxean
Osasun fisikoa eta kirola izango dituzte gozagai Irungo Emakumeen Etxean apirilaren erdialdean. Hala, hilaren 14tik 18ra orientazio prestakuntza saio bat, hitzaldi bat, eta irteera bat egingo dituzte.
Orientazio ikastaroa eta hitzaldi bat jasoko ditu Emakumeen Etxeak. Irteera bat ere egingo dute. Osasun fisikoa eta kirola izango dituzte gozagai Irungo Emakumeen Etxean apirilaren erdialdean. Hala, hilaren 14tik 18ra orientazio prestakuntza saio bat, hitzaldi bat, eta irteera bat egingo dituzte. Irungo Udaleko Berdintasuneko eta LGTBIQ+ Eskubideetako zerbitzuak eta Emakumeen Etxea elkarteak elkarlanean antolatu dituzte jarduerak, hilaren 6ko Garapenaren eta Bakearen aldeko Kirolaren Nazioarteko Eguna dela eta.
Lehen saioa hilaren 14an izango da. Nerea Seijok orientazio ikastaroa emango du 11:30ean, hau da, mapa bat interpretatzen eta iparrorratza erabiltzeko irakasteko saioa emango du. Gainera, mendian erreskaterik egin behar balitz oinarrizko irizpideak emango ditu.
Hilren 16an, berriz, June Grijalbak hilekoaren eta aldaketa hormonalen gaineko hitzaldia emango du (19:00), elikadurak eta jaduera fisikoak horietan duten eragina aztertuz.
Azkenik, hilaren 18rako Aldabeko harkaitzetara irteera egingo dute Nerea Seijoren gidaritzapean. 10:30ean aterako dira partaideak Nagore Laffage plazatik. Txangora joateko aurrez izena eman behar da Emakumeen Etxean, edo 943 50 55 05 telefono zenbakira deituta.
Berdintasuneko ordezkari Maite Cortinaren arabera, ekitaldi sorta horren helburua da emakumeen kirola ikuspegi feminista batetik ikusaraztea eta aitortzea, hitzaldien, tailerren, erakusketen eta topaketen bitartez. “Horrela, hainbat diziplinetako eta kirol ibilbideetako emakumeekin batera ikasteko, partekatzeko eta ezagutzeko aukera edukiko dugu. Oso aste inspiratzailea eta parte-hartzailea izango da, emakumeek kirolean duten papera aldarrikatuko duena; eta, aldi berean, abagunea emango digu gorputzaren zaintza, ohitura osasungarriak eta bizitza aktiboa sustatzeko”.

