Terma erromatarren aztarnategiak: interes handi, bisitari ugari
2025eko datuek erakutsi dute terma erromatarrek duten bisitarien kopurua hirukoiztu egin dela, eta horrek Oiasso museoa indartzen lagundu du.
Irun eta Oiasso museoa. Oiasso museoa eta Irun. Bata ezin da bestea aipatu gabe bere osotasunean ulertu. 40.204 izan dira azken urtean, 2025ean, Oiasso museoa bisitatu duten pertsonak. Museoak programazio zabala du urtean zehar, eta horren baitan terma erromatarren aztarnategiari buruzko erakusketa iraunkorra antolatu dute. Erakusketak 21.149 bisita izan ditu, urtebetean lortutako zifrarik handiena izan da. Bisiten kopurua hirukoiztu egin da. Kopuru horrek agerian uzten du irundarrek gaiaren gaineko duten interesa zenbatekoa den, adin guztietako pertsonak erakartzen baitu.
Bisitarien gehiengoa irundarra izan da, hain zuzen, 11.832 irundarrek museoa bisitatu dute. Oro har, bisitarien herena irundarra da. Gipuzkoako eta Euskal Herriko bisitarien kopuruak ere gora egin du. “Erakargarritasuna Irundik harantz doa: gure lurraldeko zein kanpoko bisitariak izan ditugu, Irunera hiriaren historia erromatarra eta ondarea ikustera datozenak”, adierazi du Cristina Laborda alkateak.
Bide beretik, Nuria Alzaga Kulturako ordezkaria ere pozik azaldu da. “Irunek erakutsi du benetan asmatu egin dugula ondareko elementuei balioa ematen eta turismoko eskaintzan integratzen. Ildo horretan, Irugurutzetako labeak irekitzea beste aurrerapauso bat izango da hiriaren eskaintza kultural eta turistikoaren alde egiteko, betiere gure ondarea ardatz gisa hartuta”.
Terma erromatarren aztarnategiak duela urtebete ireki zituzten, eta bisitariek “behar bezalako balioa” eman diote Irungo historia erromatarren aztarna garrantzitsuenetako bati. 1996an aurkitu zituzten, eta mugarri horrek hiriaren proiekzio kulturala eta ondareari garrantzia eman diote. Termak berreskuratzeak eta irekitzeak museoaren kultur eskaintza indartzen lagundu du, eta lurraldeko turismoaren eta ondarearen erreferentetako bat bilakatu da.

