Realaren Kopako finala, handi-handian
Hilaren 18ko Realaren finalaren harira 'fanzonea' eta pantaila erraldoia jarriko dituzte Arrantzale auzoan.
Espainiako Kopako finala jokatuko du Realak hilaren 18an Sevillan (Andaluzia, Espainia) Atletico Madril taldearen kontra. Asko izango dira hara joango diren realzaleak, baina askoz gehiago dira herrian geratuko direnak. Haiei begira, hilaren 18an fanzonea eta pantaila erraldoia jarriko dituzte Arrantzale auzoan. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol departamentuak eta Hondarribiko Udalak bultzatu dute iniziatiba, Itxaropena tabernaren eta Basque Txuri Urdin lagunartearen lankidetzarekin.
Finala 21:00etan hasiko da. Pantaila erraldoia izango da jarrita hura ikusteko. Aurretik, baina, kale animazioa, DJak fanzonean, puzgarriak, aurpegi margolariak eta “hainbat sorpresa” izanen dira iniziatiba landu dutenek esan dutenez. 19:30ean hasiko dira Itxaropena taberna ondoko fanzoneko jarduerak, baina aurretik (eguerdian eta arratsaldean) txaranga batek herria girotuko duela adierazi dute.
Igor Enparan alkateak adierazi du iniziatiba Basque Txuri Urdin realzaleen lagunarteak eta Itxaropena tabernak egindako eskaeratik abiatu dela: “Proposamena jaso bezain pronto, udaletik bi eragileekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin harremanetan jarri ginen, elkarlanean antolatzeko. Eskerrak eman nahi dizkiet guztiei erakutsitako inplikazioagatik. Aukera paregabea izango da jai giroan elkartzeko, Realaren une historikoa partekatzeko eta Sevillara joaterik ez duten herritarrei finala gerturatzeko”.
Ioritz Mendikute Basque Txuri Urdin peñako kideak azaldu du Realak Athleticen aurkako finalerdia irabazi zuenetik argi zutela Hondarribian ospakizun bat antolatu nahi zutela: “Oraingoan kalera atera nahi dugu, jendearekin batera ospatu eta pandemiaren atarian jaiotako eta gure lagun Joseba Romeroren oroitzapena bizirik mantentzen duen peña gazte baten finkapena erakutsi”.
Itxaropenako Ivan Saenzek uste du herriarentzat horrelako ekitaldiak antolatzea beharrezkoa dela: “Reala ez da urtero iristen honelako final batera, eta aukera ona da Hondarribia dinamizatu eta elkarrekin gozatzeko”.
Hondarribikoaz gainera, Gipuzkoako beste hainbat herritan pantaila erraldoiak eta fanzoneak ezarriko dituzte hilaren 18ko finalerako. Gipuzkoako Foru Aldundiak tokian tokiko udalekin nahiz realzaleekin landutako iniziatibak dira. Goizane Alvarez Kultura eta Kiroletako diputatuak adierazi du horien helburua “final historiko honen emozioa lurraldeko herri desberdinetara eta egun hori modu partekatu, ireki eta hurbilean bizitzea” dela: “Finala estadiora edo lehiatzen den hirira joango direnek ez ezik, Gipuzkoa osoak hura sentitzeko, ospatzeko eta kolektiboki bizitzeko aukera izatea nahi dugu”.

