Herritik herriarentzat, burujabetza
Venezuelatik Bidasora burujabetzaren aldarria zabaltzeko helburuarekin, eta bertako herritarren «benetako egia» kontatzeko Venezuelan izan ziren martxoan hiru bidasoar.
Ezkerretik eskuinera, Oihana Galardi, Ihone Fernandez eta Iker Eizagirre.Ximun Leturia Lete Bidaiatzeko hamaika motibo daude egun. Ezagutzen den turismo eredutik at bestelako bidaiak ere badaude, lan bidaia edota herrialde baten egoera gertutik aztertzekoak, esaterako. Azken horiek egiteko ezinbestekoa da aurretiazko lanketa egitea eta bidaiarekin zer barneratu nahi den planifikatzea. Hori horrela, OlatuKoopeko eta BDSKoopeko hiru kidek Venezuelaren egoera lantzeko motxilak prestatu eta herrialde hartako hamaika toki ezagutzeko bidaia egin zuten martxoan.
Caracas hiriburuko zein landa eremuko hainbat komuna bisitatu zituzten hiru brigadista bidasoarrek. Olatukoopeko Ihone Fernandez Zabaleta eta Iker Eizagirre Zufiaurre Xufi, eta BDS Koopeko Oihana Galardi Ogallarrekin batera, Euskal Herriko beste hiru lagunek parte hartu zuten bidaian, tartean zelarik Hernani Burujabeko kide bat.
Hamaika emozio, lanketa, eta bizipen han. Espedizioaren helburuak argiak izan ziren: batetik, bertako biztanleen egoera gertutik bizitzea eta errealitatea kontatzea; eta beste alde batetik, hango burujabetza ereduaren oinarriak gurera ekartzea. «Venezuelaren deia, edo guk diogun moduan, historiaren deia jaso genuenean, birritan pentsatu gabe hara joan ginen», adierazi du Xufik.
Euskal Herriak eta Venezuelak harreman estua izan dute aspalditik. Esaterako, 1936ko gerraren ondorioz euskal herritar asko hara joan ziren errefuxiatu, horrek Euskal Herriko ezker emantzipatzailearen eta Venezuelaren arteko harremanak estutu zituen. Gainera, martxoko bidaia egin aurretik Zufiaurrek Venezuela bitan bisitatzeko aukera izan zuen, eta oraingo honetarako Fernandezi hara joatea proposatu zion «Venezuela bisitatzeko gogoz nintzen, eta Oihanari egun batetik bestera proposatu genion. Bi egun besterik ez zituen izan hara joatea erabakitzeko», azaldu du Fernandezek.
Hitzetatik ekintzetara
Aurretik Eizagirrek egindako lanketak eta Fernandezek herrialdea bisitatzeko zuen jakin-minak Euskal Herriko brigadisten bidaia erraztu du. Zazpi egun besterik ez dituzte behar izan bertako herritarren bizitza bertatik bertara ezagutzeko, eta haien helburuetan sakontzeko. «Martxoaren 3an Venezuelarantz abiatu ginen, eta martxoaren 8ko komunetako herri kontsulta gertutik jarraitu ahal izan genuen», adierazi du Galardik. Herri kontsultan nazioarteko behatzaile gisa izan ziren, Latinoamerikatik, Herrialde Katalanetatik eta beste hainbat tokitatik bertaratutakoekin batera.
Hiru kideek aho batez esan dute bertako herritarren errealitatea ez dela hedabide nagusietan kontatzen dutena. «Komunikabide orokorretatik iristen zaizkigun mezuak ez dira benetakoak, AEBko inperioak manipulatutako mezuak dira». Bide beretik, Fernandezek dio bazekiela han zer ez zen existitzen; aldiz, ez zuen argi bertako kulturan zer existitzen zen. «Europako gotorlekutik kanpo mundua bestelakoa da, eta bidaian aztertu genuen Venezuelak milaka berezitasun edukitzeaz gain, boterea ere badu», azaldu du.
Europako biztanleen errealitatearekin konparaketa eginez, venezuelarren egunerokoak alde handia du. «Jendearekin egunerokoan izan dugun harremana oso berezia, hurbila eta pozgarria izan da». BDSKoopeko kideak zalantzarik gabe azaldu du bertako jendea oso adeitsua eta goxoa izan dela haiekin. Herritarrek besteekiko duten errespetua, inolaz ere, ez du Venezuelak nazioartean jasotzen duen errespetuarekin zerikusirik.
Amerikako herrialdean egindako egonaldian Caracasko lau komuna eta landa eremuko beste bat bisitatu zituzten. Martxoaren 8ko komunetako herri kontsulta El Maizal izenekoan egin zuten, eta bertan bi egunez izan ziren. «El Maizaleko jendearekin egon bai, baina beste komunetako jendearekin egoteko aukera ere izan dugu, eta bakoitzak berean proposatutako proiektua azaldu digu», kontatu du Galardik.
Kontsulta nolakoa izan zen galdetuta, Xufik era laburrean azaldu du. «Komuna bakoitzeko biztanleek proiektu baten alde bozkatzen dute». Komunak ez dira egitura zehatzak, tokiko autogobernu egiturak dira, eta bakoitzak bere nolakotasunak ditu; aldiz, denen funtzionamendua oso antzekoa da. «Komuna batek biztanleak bildu eta galdera hauek helarazten ditu: zer behar du auzoak, eta behar horiek nola aseko dituzte bertakoek? Hala, enpresek komunaren beharrak asetzen dituzte. Gure ikuspegi ezkertiar eta berdinzaletik ikusita, han egiten dutenak hemengoarekiko alde handia du: enpresetako langileek euren kabuz lana kudeatzen dute, eta enpresaren mozkinak komunari ematen dizkiote». Horrek guztiak ekosistema komunitario politiko-ekonomikoa sortzea ahalbidetzen du, demokrazia zuzenaren bidez. «Komuna batek ez badu ekoizten, ez da komuna bat».
Emakumeak eta gazteak
Venezuelan 5.300 komuna edo zirkuitu komunal inguru daude. Hango biztanleriaren zati handi bat, beraz, komunaren sistemaren bidez estalita dago. Komuna bat sortzeko hainbat baldintza bete behar dira: gutxieneko jende kopuru bat; azpiegiturak; konpetentziak; eta parlamentu komunala izan behar dituzte komunaren aitortza lortzeko. Alegia, lege organiko bat bete behar dute. «Komuna jendeak egiten du, estatuak babesten du, eta komunitateak baliabideetarako eta finantzaziorako eskumena izango du», argitu du Olatukoopeko kideak.
Horren barruan, Bolibartar Iraultza dago. «Beste zibilizazio eredu bat da, baliabideak dituzte eskubide ugari euren kabuz kudeatzeko», gehitu du Eizagirrek. Iraultzaren oinarriak burujabetza; tokiko komunitateen botere ekonomiko eta politikoa; antinperialismoa; patriarkatuaren kontrakotasuna; eta ekozidioaren aurka egitea dira. Hori ardatz hartuta, venezolarrek demokrazia zuzenaren ideiarekin «tinko» dihardutela azaldu dute bidasoarrek.
Hango hauteskunde sistema munduko garatuenetako bat da Bidasoko ekintzaileek zehaztu dutenez, «ziurtasunari dagokionez, sofistikatuena». Hiru hilabetean behin, hauteskundeak dituzte paperezko edota sistema digitalaren bitartez. «Hemengo demokraziarekin alderatuta, asko dugu ikasteko», dio Fernandezek. Europa AEBren menpe dagoela argi diote, eta horren aurrean antolatu eta estatubatuarren geopolitika irizpideek eragindako arazo ororen aurrean aurkako posizionamendu garbia edukitzeaz eta antolatzeaz mintzo dira hiru kideak. Auzo guztietan oso antolaketa zehatza dutela ikusi dute, datu guztiekin errolda bat dute. «Ardurak hartzen emakumeak eta gazteak ikusi ditugu, oso ahaldunduak daude. Adinekoak ere beraien gaitasunen arabera lanean ikusi ditugu, era antolatuan eta intersekzioanalitatea kontuan hartzen».
Titularretatik harago
Venezuela eta Europaren arteko distantziak traba ugari ere eragin ditu bertakoen «benetako egia» kontatzeko. «Askotan titular nagusiekin gelditzen gara». Etxera itzulita, beraz, honako betebeharra ezarri diote haien buruari: venezolarren egia kontatzea. «Venezuela El Pais, El Diario Vasco edota EITB bitartez ezagutzea, Euskal Herria ABC-ren edo El Mundo-ren bitartez ezagutzea bezala da, eta zoritxarrez horrela da», argitu du Xufik. AEBren intentzio eta mezu inperialistek Venezuelako errealitatearen desitxuraketaren arrazoi ere badirela azaldu dute brigadistek.
Venezuelak AEBk sortu duten gatazkarekiko duen jarrera argia da: ez dute inolaz ere gerrarik nahi. Hala kontatu dute hirurek: «Bakean bizi nahi dute, eta Cilia Flores eta Nicolas Maduro etxeratzea besterik ez dute eskatzen, inolako gerratan sartu gabe». Venezuelaren azken hilabeteotako egoerak okerrera egin du, eta egoera hori are latzagoa izateko beldur dira bertako biztanleak. Fernandezek, hango herritarrek helarazi nahi dutena hitzez hitz azaldu du: «Esan ikusi duzuena, esan Europan zer ikusi duzuen hemen. Gaitasuna izan dezagun egia eta gezurra bereizteko Venezuelako, Cubako, Palestinako eta Irango egoera benetan zein den kontatzeko».
Inperialismoak bi arrazoi ditu Venezuela kriminalizatzeko, eta horiek izan ziren urtarrilaren 3ko AEBren erasoaren arrazoi nagusi. Batetik, Venezuela, Latinoamerikako alternatiba antiperialista eta burujabetzaren adibide dela uste dute bidasoarrek; bestalde, baliabide askoko herrialdea da, «munduko petrolio erreserba handiena du». Burujabetzaren arloan ere, aipatzekoa da Venezuelak duen posizionamendua, %97an da burujabe herrialdea. Beraz, hedabide orokorretatik entzuten den guztia iritzia sortzeko «informazio filtratua» dela uste du Xufik: «Venezuela asko entzuten dugu, baina zaila zaigu benetan gertatzen ari dena jakitea».
Hitzaldiak eta topaketa
Ezjakintasun horrek ez du agerian uzten bertako herritarrek aurrera egiteko duten gaitasun «agorrezina». Gaur egungo egoera hobetze aldera, egun herrialdearen agintean den Delcy Rodriguez ahal duen guztia egiten ari dela diote, beti ere, aurrera jarraitzeko helburu garbiarekin. «Erresistentzia kreatiboa dute, eta egoera zailenean ere bizitza birsortzeko eta herritarrak zaintzeko gaitasuna dute», adierazi du Fernandezek. Argi dute asko ikas daitekeela haiengandik: «Umiltasunez ikasi, arduraz jokatu, eta garen inperioaren jarraitzaile izatetik aldendu behar dugu».
Hala, Venezuelak duen benetako errealitatea Europan zabaldu behar dela argi dute, eta norberaren gaitasun intelektuala egiaren alde jarri behar dela bide horretan. «Goazen aurrera guztiarekin, baina denok batera». Gizarte zaintza venezolarrentzat ezinbesteko oinarria dela azaldu dute aldi berean, eta Olatukoopeko kideak nabarmendu du ekonomia sozial eta eraldatzailearen alde egin behar dela, «gizarte saretze bat, herritarrak herritarren alde egiten».
Gizarteak aurrera egin dezan tresna nabarmenetako bat ekonomia planifikatzea dela ziur dira. «Gurean, berriz, ekonomia librea denez, batzuk bakarrik aurrera egiteko aukera dute, besteak atzean geratzen dira». Hala ere, Xufik azaldu du Venezuelako iraultzak ez dituela alde onak bakarrik, milaka kontraesan ere badituelako haren aburuz. «Kontraesanez betetako benetako iraultzak du balioa, iraultza ez da ederra eta epikoa», azaldu du.

Venezuelako iraultza azaltzeko hitzaldia egin zuten martxoaren 27an Irungo Hazia elkartean. Euskal Herriak Venezuelarekin betidanik izan dituen hartu-emanek indarrean diraute, eta Irungo herritarrek Venezuelaren egungo egoeraren gaineko jakin-mina dutela ikusi zuten. «Jendearen parte hartzea eta harrera oso beroa izan ziren, ados azaldu ziren gaiari buruz emandako azalpenekin», gogoratu du Galardik. Zailtasunak izan dituzte gaia lantzeko, herritarrek desinformazioarekin lotutako ezjakintasuna dute-eta. «Chavismoaren egoeraren eta norabidearen gaineko jakin-mina, kezka eta zalantza dute askok».
Olatukoopeko kideek Venezuelan ikasitakoa kontuan hartu, eta Euskal Herriak ere ikasteko asko duela gogorarazi dute. «Asko hitz egiten dute kolaborazio publiko-komunitarioaren gainean, eta hori burutzeko erakundeen arteko elkarlana ezinbestekoa da». Ekonomia beharrak asetzeko tresna izan behar dela nabarmendu dute.
Haziako hitzaldira joateko aukera izan ez zutenei hilaren 25ean Astigarragara joateko gonbita luzatu diete. Elkartasun Keinuak elkarteak Venezuelarekiko Elkartasun Topaketa egingo du han, eta bertan Albanis Montilla komunetako ministrordea izango da parte hartzen. Hura hamar egunez izango da Euskal Herrian, eta tartean Astigarragako topaketan parte hartuko du.
Besteak beste, 13:00etan elkartasun ekitaldia egingo dute Astigarragako frontoian, eta hori bukatzean herri bazkaria. «Asko dugu Venezuelako iraultzari buruz ikasteko, eta horregatik jendea topaketan parte hartzera animatzen dugu».

