Astelehenean irekiko dute AbenturaERO! udalekuen izena emateko epea
80 plaza eskainiko dituzte 2015 eta 2018 urteen artean jaiotakoentzat, eta 20 pertsonako lau txanda antolatuko dituzte uztailean.
Udalekuz betetako uda izango da aurtengoa, haur irundarrek aukera ugari izango dituzte aisialdirako uztailean eta abuztuan jolasean aritzeko. Gaur aurkeztu dituzte AbenturaERO! udalekuak, eta aurtengo edizioan 80 plaza eskainiko dituzte 2015 eta 2018 urteen artean jaiotako haurrentzat. Jolaserako eta bizikidetzarako espazio bat eskaintza da helburua. Jarduera orotan euskararen presentzia bermatuko dute, komunitaterako aisia indartzeko eta udako oporraldiaz gozatzeko. 20 pertsonako lau txanda antolatuko dituzte uztailaren 6tik abuztuaren 1era bitarte. Txanda bakoitzeko premia berezia dituzten haurrentzat plaza bat gordeko dute.
Sandra Caballero Hezkuntza eta Gazteria ordezkariak AbenturaERO! irungo haurrek duten proposamen erakargarrienetako bat dela adierazi du aurkezpenean. “Urtetik urtera parte-hartze handia izateak familien artean pizten duten interesa erakusten du”, nabarmendu du.
Txanda bakoitzak astebeteko iraupena izango du. Lehenengo txanda, uztailaren 6tik 11ra bitarte izango da; bigarrena, uztailaren 13tik 18ra; hirugarrena, uztailaren 20tik 25era; eta laugarrena, uztailaren 27tik abuztuaren 1era. Astelehenetik ostegunera 09:00tatik 14:00etara izango da; eta ostiraletan 09:00etatik larunbateko 14:00etara izango da, gaua barne.
Aurtengo berritasuna plazen esleipenak ezartzeko lehentasun-sistema izango da, hau da, 2025eko udalekuetan parte hartu ez zuten haurrek lehentasuna izango dute. Udalekuetan parte hartzeko baldintza bakarra Irunen erroldatuta egotea izango da. Izena emateko epea astelehenean, hilak 13, irekiko dute udal webgunearen edota udalaren autozerbitzuen bitartez, eta zabalik egongo da hilaren 24ra arte, ostiralarekin.
Zozketan parte hartuko dutenen zerrenda hilaren 30an argitaratuko dute, eta maiatzaren 6ra bitarte kontsultatzeko aukera izango dute familiek. Maiatzaren 12an zozketa publikoa egingo dute eta bi egun geroago, maiatzak 14, zozketaren emaitzak argitaratuko dituzte udal webgunean eta udal zerbitzuen bulegoetan. Azkenik, ordainketa eta behin betiko izen ematea maiatzaren 18tik 29ra bitarte egingo dituzte. Udalekuetara joango diren gurasoekin bilera bat egingo dute programaren informazio guztia partekatzeko.
Udalekuetan parte hartzen duten familiek ahalmen ekonomikoaren araberako ordainketa-sistemaren baldintza berriak jasotzeko aukera izango dute, errenta-tarte zabalagoekin eta tarifa eskuragarriagoekin. Horrela, lehenengo tartea 19.417 eurora artekoa da; bigarrena 19.417,01 eta 29.911 euro artekoa; hirugarrena 29.911,01 eta 37.136 euro artekoa; eta hortik aurrera goiko tartea aplikatuko da.

