'100 aldiz begiratu' segurtasun jardunaldia, adinekoei begira
Bide segurtasuna du ardatz jardunaldiak eta hilaren 21ean egingo dute egun osoz.
100 aldiz begiratu jardunaldia, 65 urtetik gorakoentzat. Bide segurtasuna eta adinekoak lehen lerroan jarriko dituzte hilaren 21ean Hondarribian. Izan ere, 100 aldiz begiratu jardunaldia antolatu dute egun horretarako, egun osoz. Sentsibilizazio jardunaldia da, eta Eusko Jaurlaritzaren segurtasun sailak sustatutako iniziatiba da bide ezbeharrak prebenitu eta segurtasun ohiturak indartzeko.
65 urtetik gorako herritarrei begira egingo dute jardunaldia, kolektibo horrek trafikoan duen zaurgarritasunari erantzuteko. Izan ere, datuen arabera EAEn biktimak eragiten dituzten 10 trafiko istriputatik hirutan adin horretatik gorako pertsonak daude inplikatuta. Beste datu bat ere eman du udalak sentsibilizazio jardunaldiaren beharrari azpimarra jartzeko, “2025ean hildako oinezkoen %80 adin tarte horretakoa zen”.
Hori horrela, “funtsezkoa” jo du Josu Peña Gizarte Kohesio zinegotziak adineko pertsonek tresnak eta informazioa izatea beren eguneroko joan etorrietan segurtasunez jarduteko, “iniziatibaren bidez, arreta handitzearen garrantziaz jabetzea eta ohitura seguruak barneratzea bilatzen da”.
Jardunaldia, egun osokoa izango da eta hainbat jarduera antolatu dituzte informazioa helarazi, eguneroko ohiturak berrikusi, eta modu didaktiko eta atseginean ikasteko.
Egitarau osoa, beheko koadroan.
'100 aldiz begiratu' jardunaldiaren egitaraua
- 11:00-14:00 eta 16:30-19:30: Kale jarduerak San Pedro kaleko 37. zenbakiaren parean. Informazio guneak eta dinamika parte hartzaileak izango dira, arrisku egoerak identifikatzen eta prebentzio neurriak ezagutzen laguntzeko.
- 17:00: Bide segurtasun jolasak Kasino Zaharrean.
- 18:30: Sergio Arrospideren umorezko bakarrizketa, Kasino Zaharrean.
Bide segurtasun jolasetan eta umorezko bakarrizketan parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da Kasino Zaharreko tabernan, edo online (klik hemen).

