Sandra Piñeirok emakumeen autoexijentzia izango du hizketagai, Palmera Monteron
Txingudiko Elkarte Feministak antolatuta, emakumeen egunerokoan presente dagoen autoexijentzia aztertuko du datorren ostegunean.
Emakume askoren egunerokoan presente dagoen autoexijentzia aztertuko du Sandra Piñeiro nutrizionistak. Datorren ostegunean, hilak 16, kirola, zaintza eta ongizatea oinarri dituen hitzaldia emango du, Palmera Monteron. Ikuspegi feministatik landuko du gaia, eta bertaratzen direnei hausnarketa egitera gonbidatuko die: denetara iristeko presioa, perfekzionismoa, huts egiteko beldurra… Horiek izango dira Emakumeen autoexijentziaren tranpak izeneko hitzaldian planteatuko dituen gaiak.
Egungo exijentzia ereduen azterketa egingo du, alegia, errendimenduan, zaintzan eta norberaren balioekin elementu horiek duten harremana aztertuko du. Horretarako, arraunlari ohiak bere esperientziatik abiatuta, dinamika horiek ahaleginarekin, atsedenarekin eta norberaren mugekin harreman osasuntsua edukitzeko prozesua azalduko du. Baita, norberarekin harreman atseginagoa, kontzienteagoa eta jasangarriagoa eraikitzeko tresnak eta gako praktikoak.
Hitzaldia Txingudiko Elkarte Feministak antolatutako sei saioko zikloaren baitan kokatzen da. Hitzaldi hauetan zehar, kirola ikuspegi feministatik landuko dute, beti ere, emakumeen esperientzia baldintzatzen duten faktore sozialak kontuan hartuta.
Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera antolatutako egitasmoa proiektu zabalago baten parte da, besteak beste, emakumeen running taldea barne hartzen du. Aurten, berriz ere martxan jarri dute korrik egiteko taldea, hiru mailatan antolatuta. Honen bitartez adierazi nahi dute kirola zaintza, komunitate eta ahalduntzeko espazioa dela.

