Muxiko Egunak dantzan jarriko du Hondarribia igandean
Egun osoko egitaraua antolatu dute iganderako, goiz zein arratsaldez izango dira muxikoak eta kalejirak herriko kaleetan barrena. 500 dantzari inguruk parte hartuko dute zazpigarren honetan.
Izaskun Muñoa, Ortzi Alonso eta Patxi Lazkano. Igande honetan (hilak 12) musika eta dantza izango dira nagusi Hondarribian, Muxiko Eguna hemen baita beste urte batez. Erdiguneko kale eta plazak izango dira zazpigarren ekitaldi honen agertoki nagusiak, goiz zein arratsaldez izango da zer ikusi, dantzatu, jan, edan eta ospatu. Lagunartean-ek, Klink elkarteak eta udalak elkarlanean ondutako egitaraua aurkeztu dute gaur antolatzaileek, Ortzi Alonso Kultura zinegotziarekin batera.
Antolatzaileak ilusioz eta gogoz daudela aipatu du Izaskun Muñoak: “Lagun asko elkartuko gara, Gipuzkoatik, Nafarroatik, Bizkaitik, Iparraldetik… Arma Plazan 500 dantzari inguru ariko dira”. Erraldoia izango da beraz zazpigarren hau ere. Muñoak, barrez, “eguraldi ona erosi” dutela esan du, baina badutela B plan bat esku artean eguraldia lagun ez bada igandean: “Soroetako pilotalekura mugituko genituzke goizeko emanaldiak”.
Zinegotziak aipatu du Euskal Herri osoko muxikozaleentzat hitzordu garrantzitsua bilakatu dela Hondarribikoa: “Ederra da nola muxikoek Damarri, Alde Zaharra eta portua lotuko dituzten. Giro ezin hobea espero dugu”.
Egitarauari erreparatuz, oparoa izango dela aurreratu dute. 11:30ean ekingo diote egunari, Alamedatik irtengo dira hondarribiarrak kalejiran. Jarraian, 12:00ak aldean, Oinkada taldekoekin muxikoak dantzatuko dituzte Arma Plazan. 13:00etan bigarren kalejira batek dantza jarriko du herria, San Pedro kaletik abiatuko da bigarren hau. 14:30ean sabelak betetzeko ordua helduko da Ardora jatetxean. 300 lagun elkartuko dira bertan eta jada sarrerarik ez dela geratzen jakinarazi dute gaurkoan. Arratsaldean ere dantza izango da goizekoa galdu edota gogoz geratu direnentzako. Kiroldegian jarri dute arratsaldeko hitzordua.


