Josu Zabala biktima gisa aitortzeko hainbat pausu, 50 urteetan
GEBehatokiak, CCOO sindikatuak eta Zabalaren familiak hainbat pausu emango dituzte elkarrekin, hilketaren 50. urteurrena dela eta. Espainiako Gobernuari biktima gisa aitortzeko eskatu diote.
1976. urtean hil zuten Josu Zabala, San Pedro kalean. Eduardo Moreno Bergaretxe Perturren desagerpena zela eta, manifestazio bat egin zen irailaren 8an Hondarribiko Portua auzoan, eta horren aurka gogor erantzun zuen poliziak, gomazko pilotez gain, suzko armak erabiliz. 50 urte pasa dira Zabala irundarra hil zutenetik, eta urteurren hori markatuta, Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak, CCOO sindikatuak (Zabala bertako kide zen) eta haren familiak, aitortzaren alde hainbat urrats emango dituztela iragarri dute.
Urteurreneko lehen urrats bezala, Zabala biktima gisa aitortzea nahi dute, eta eskakizun hori egin dute Espainiako Gobernuan eta Hondarribiko eta Irungo udaletxeetan. Adibide moduan, GEBehatokiak adierazi du Irungo Udalak terrorismoaren biktimen omenean egindako monumentuan Meliton Manzanasen izena agertzen dela eta ez Zabalarena, hori bera “onartezina” izanik. “Manzanasek Josuren aita torturatu zuen, eta bere izena hor dago, eta bere biktimaren semearena ez”, azaldu du Agustin Hernan GEBehatokiko bozeramaileak, Antxeta Irratiaren eskutik egindako bideo batean.
Hernanek adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak sinatuta, 48 pertsona torturatu zituen Manzanasek. “Konponbide duin bat behar dugu, eta horregatik, Zabalaren familiarekin batera Irungo Udalean eskakizun bat egin dugu, haien mina errespetatuz, egoera hau konpondu beharko duena”. Manzanasen harira, GEBehatokiaren beste eskakizun bat, Irungo Udalari zuzendua: “Espainiako Gobernuari eskaera bat egin diezaiola Meliton Manzanasi ken diezazkioten oraindik dituen kondekorazioak eta sariak”.
BERRIAko Iosu Alberdi kazetariak azaldu duenez, Zabala estatuaren biktima gisa aitortua du Eusko Jaurlaritzaren balorazio batzordeak, eta Espainiako Gobernuak antzeko adierazpen bat egitea nahi dute: Madrili eskatu diote norabide berean deklarazio bat egiteko, Memoria Demokratikorako Legeari men eginda. Zabalaren memoria gordetzea eta erakustea garrantzitsua da inplikatutako agente guztientzat.
Epaitegia, ikusmiran
Horrez gain, Behatokitik uste dute, bere garaian, hilketaren epaia “ankerkeria” bat izan zela. “Enrique Pascual guardia zibilak hil zuen Zabala, eta ez zen inoiz espetxetik igaro, 1977ko Amnistia Legea zela eta”, adierazi du Hernanek. GEBehatokiak uste du amnistia hura legez kanpokoa izan zela, eta hori Madrilek idatziz adieraztea nahi du. Auziaren harira, Behatokiak, Irungo epaitegian, iniziatiba juridiko bat aurkeztu da, epaiketa haren azterketa juridiko bat hasteko, borondatezko jurisdikzioan oinarrituta. Alberdik azaldu duenez, halako prozesu baten xedea da hilketari lotutako egitateen «ziurtagiri judiziala» ontzea, eta ez delitugilearen kontrako jazarpen penal bat abiatzea.

