Silvia Real xake jokalaria izango da gaur Kasino Zaharrean
'Emakumeen xakea Andorran' hitzaldia eskainiko du xake jokalariak, bere alabekin batera. Meritu handiko jokalaria da Real.
Gaur, 19:00etan, Kasino Zaharrean elkartuko dira, xakea eta emakumeak uztartuz. Emakumeen xakea Andorran hitzaldia egingo dute, eta horrela, Martxoaren 8aren programazioari amaiera emango diote. Marlaxka Xake Klubaren eta Emekiren ekimenez izango dira bertan.
Hitzaldiko protagonistak Silvia Real Puigdollers eta bere bi alabak izango dira. “Andorrako emakumezkoen selekzio nazionaleko kidea da Silvia, eta nazioarteko txapelketetan parte hartu du, besteak beste, Chennai 2022 eta Budapest 2024ko Xake Olinpiadetan”, adierazi du Marlaxka Xake Klubak. Emakumezko Maisu Kandidatu (WCM) titulua du, eta 1750 inguruko Elo maila, “jokalari esperientziadun eta aktibo gisa kokatzen duena”. Horrez gain, Andorrako emakumezkoen lehen talde olinpikoetako kide izan zen, “herrialdean emakumeen xakearen garapenean eta ikusgarritasunean lagunduz”.
Berarekin batera arituko dira bere alabak, Ariadna de la Riva Real eta Jana de la Riva Real, biak ere xake jokalariak. “Hiruak elkarrekin arituko dira hitzaldian, xakeari, haren bilakaerari eta emakumeen esparruan duen eraginari buruzko ikuspegi belaunaldiartekoa eskainiz”.

