Laia Erretegia, munduko hirugarren erretegi onena, berriro
Bigarren urtez bereganatu du Arkollako jatetxeak garaikurra. Zerrendaren egileek, bertako parrilla eta haren inguruko lana goraipatu dute.
Beste urte batez kaleratu dituzte World’s Best Steak Restaurants zerrendako jatetxeak. Azken urteetan ospe handia lortu du Worldbeststeaks atariak egiten duen zerrendak, eta horrek izen handia ematen dio bertan agertzen den erretegiari. Bigarren urtez, hirugarren postua eskuratu du Arkolla auzoko Laia Erretegiak.
Jon Ayalak bideratutako erretegiak parrillan du bere espezialitatea, eta hori bera goraipatzen du Worldbeststeaks atariak. “Euskal sua, bere formarik garbienean findua”, horrela definitzen dute zerrendaren egileek erretegi hondarribiarra.
“Laia hain indartsu egiten duena ez da xehetasun bakar bat, esperientzia osoaren koherentzia baizik. Gela garaikidea eta konposatua da, baina ezerk ez du grabitatearen benetako erdigunetik aldentzen: parrilla eta haren inguruko lana. Gonbidatuak ez daude gonbidatuta ikuskizuna mirestera. Helburua ulertzera gonbidatzen dituzte, produktuak nondik datozen, zergatik aukeratzen diren, nola zahartzen den eta nola erabiltzen den sua adierazteko, mozorrotzeko baino”.
Alboko produktua
Bertako produktuak markatzen du Laiako izaera. Haragietan, besteak beste, Mugarrietako behi eta idiak erabiltzen dituzte, erretegitik kilometro bat baino gutxiagora dagoen Ion Areitiok zuzendutako ganadutegitik. “Guretzat jatetxearen bihotzean txuleta dago. Behikia da, zapore eta egitura sakonerako aukeratua, testuinguru iberiko zabalenetik aterea eta estilo honek eskatzen duen pazientziaz tratatua. Zahartzea ez da euskarri bat. Identitatearen zati definitzaile bat da, batez ere zahartze lehorraren gainean eraikitako programa bat duena, denbora ematen duena izaera garatzeko behiak parrillarekin topo egin baino lehen”.

