Hau Ginga, 2026ko Parodien garaile
Hamazazpi talde izan ziren oholtza gainean, eta hainbat afera irudikatu zituzten. Kaialderen itxiera, etxebizitzaren problematika, erromatarren erorketa, Hondarribiko Masterchef-a...
Parodiek ez dute huts egin. Ostiralean igo ziren Hondarribiko Olinpiadetako partaideak Gipuzkoa plazako oholtza gainera, haien barneko aktoreak ateratzera. Denetarik izan zen, baina irabazle bakarra: Hau Ginga. Hondarribiko High School Musical-a egin zuten, eta epaileak bereganatu zituzten. Podiumean, bigarren Txoro Bolara izan zen eta hirugarren Amonan Txikhotia. Hamazazpi talde izan ziren oholtza gainean, aurtengo talde guztien erdia baino gutxiago.
Batzuek zuzeneko ahotsaren apustua egin zuten, eta beste batzuek haiek grabatutako audioa jarri zuten. Trump Hondarribian agertu zen, bere dantzekin plaza girotzeko asmoz, eta gutxi falta izan zitzaion Kaialdera sartzeko, hainbat taldek Kaialderen itxiera irudikatu zuten eta. Ez ziren falta izan urtero moduan Itxaropena taberna eta Q diskoteka oholtza gainera igo zituztenak, eta noski, denak batera dantza egin zutenak. Etxebizitzaren afera aldarrikatu zuen Amonan Txikhotiak, “Emaidak mesedez, Hondarbiyan etxe bat”, kantatuz. Txoro Bolarak, bigarren postuan, Hondarribiko Masterchefa antolatu zuen, Guadalupeko Kantinaren, Brankaren eta Kebabaren artean lehia sortuz.
Erromatarrak ere bertan izan ziren. Atletik Klub Txiplao taldekoek erromatarren erorketa eta Hondarribiko konkista egin baitzuten. Torrente ere, Hondarribiko Futbol Elkarteko bufandarekin, oholtzan izan zen. Pertsonai asko pasa ziren bertatik, eta denek sentsazio politak deskribatu zituzten amaitzerakoan. “Pena bat da talde guztiak ez animatzea, baina behintzat egin dugu, eta gau polita izan da”, azaldu zuen partaide batek.
Aurkezleak, fin
Noski, urtero moduan, aurkezleek ere ez zuten huts egin. Julian Iantzi izan zen lehen urtean, Xabier Euskitze bigarrenean, eta aurten, Xiberoko Masakaradak interpretatu zituzten. Bi aurkezleak, gora eta behera, billabak moduan izan ziren, aurkezten zuten bitartean, bazter guztiak nahasten.
Hona hemen Aines Agirre Bereauk ateratako argazkiak:

