Tren Txikitoan bisita gidatuak bueltan dira
Martxoaren 31tik apirilaren 12ra bitarte, Oiasso Museoak hainbat jarduera antolatuko ditu; tartean, terma erromatarren bisitak eta tailerrak.
Aste Santuarekin batera, Oiasso Museoak jarduera programa zabala prestatu du, eta martxoaren 31tik apirilaren 12ra bitarte irundarrek txangoak eta tailerrak egiteko aukera izango dute. Aurtengo berritasunen artean, Tren Txikitoan egin daitezkeen bisita gidatuak izango dira. Bisitak Oiasso Museotik hasi eta Santa Elena ermitara izango dira. Ibilbidean zehar, aurkikuntza arkeologikoei lotutako beste puntu batzuk ere bisitatuko dituzte. Bisitak apirilaren 3an, 5ean, 6an eta 12an izango dira, 11:00etan gaztelaniaz eta 12.30ean euskaraz. Ordubeteko bisita izango da, eta sarrera orokorraren prezioa 10 eurokoa izango da; murriztua, berriz, 7 eurokoa.
Tren Txikito Bidasoko tren zaharraren historia omentzen du. Trena %100ean elektrikoa da, eta 27 km/h abiadura izan dezake. Lokomotor gorriaz gain, trenak bi bagoi ditu; eta 38 lagunentzako tokia. Hiriaren ondare historiko eta kulturala modu jasangarrian eta irisgarrian zabaltzeko eraiki zuten.
Tren Txikitoan bisita gidatuaz gain, adin guztietarako programazio anitza antolatu dute datozen egunotarako. Oiassoko terma erromatarrak ezagutzeko aukera izango dute bisitariek, eta garaiko termen funtzionamendua nolakoa zen azalduko diete. Bisitak apirilaren 2an, 4an eta 11n egingo dituzte, 11:00etan gaztelaniaz eta 12:30ean euskaraz izango dira. Ordubetekoak izango dira, eta sarrera orokorraren prezioa 10 eurokoa izango da; murriztua, berriz, 7 eurokoa.
Gainera, haurrentzako tailerrak antolatuko dituzte udaberriko oporretan zehar. Tailerretan izena emateko eta sarrerak erosteko oiassomuseo@irun.org, www.oiasso.com edota 943 63 93 53 telefonora deituta egin beharko dute.

