"Komertziook gehiago eskaini behar dugu, bestela hil egingo gara"
30 urte bete ditu Ipotxek, 30 urte San Pedro kalean. Carrerak 22 urte egingo ditu aurten bertan. Amuitz Hondarribiko Merkatarien elkarteko lehendakaria da gainera, eta herritarrak herrian erosteko xedearekin lanean jarraitzen du.
Zaila izango da inoiz Ipotxera sartu ez den hondarribiar bat aurkitzea. 1996tik irekita, txutxeak saltzen dira bertan nagusiki, eta haurrentzako gauzak diruditen arren, helduak ere andanaka hurbiltzen dira, Maria Carrerak adierazi duenez. 2004tik dago Carrera bertan, eta jubilatu arte bertan izango dela argi dauka. San Pedro kalean kokatuta, Portua auzoko erdiguneko bilakaeraren lekuko izan da. Merkataritzak duen egoera «kaskarraren» aurrean, duela urte batzuk sortu zuten Amuitz Hondarribiko Merkatarien elkartea, eta sorreratik Carrera izan da bertako lehendakaria.
Duela zenbat ireki zen Ipotx?
1996ko azaroan ireki zuten Ipotx, beraz, aurten 30 urte beteko ditu. Ni ez nengoen hasiera horietan. Nire koinatak eta bere arrebak ireki zuten Ipotx, Carolek eta Txupik. Nik hortik zortzi urtetara hartu nuen ardura, 2004ean, baina lehenago laguntzera etortzen nintzen, itsaski enpresa batean egiten nuelako lan. Ordutik hemen nago. Esan daiteke familiaren denda izan dela, lehenago nire koinatarena eta orain nirea. Betidanik izan da txutxe denda, eta orain normalagoa izan arren, lehen, gauza modernoa zen horrelako denda bat irekitzea. Herriko bigarren txutxe denda izan zen, eta gazteen artean harreman ona egin zutenez, aurrera egin zuen.
Gazteek gaur egun txutxeak erosten al dituzte? Edo geroz eta gutxiago?
Bai, oraindik bai. Asteburuetan gehienbat haur eta gazte asko hurbiltzen dira, hori ez da batere aldatu. Helduak ere etortzen dira, noski. Tabernen artean dago Ipotx, eta, beraz, askok fruitu lehorrak, pipak eta halakoak erosten dituzte, poteatzen duten bitartean jateko. Harritzekoa da zenbat helduk erosten dituen txutxeak. Gazteek sozialki egiten duten zerbait da, denak batera datoz, eta hemen inguruan elkartzen dira. Helduak, aldiz, haien gauzak erostera etortzen dira soilik.
Azken hamarkadetan gozokien kontsumo ohiturak aldatu egin al dira?
Ez asko. Jendeak betiko gauza berdinak erosten ditu. Marrubiak, erregalizak, txupatxusak… oraindik ere gehien saltzen direnak dira. Badira gauza berriak probatzea gustatzen zaienak, noski, baina esandakoa, betikoak saltzen dira gehiago. Aldaketa handiena edarietan izan da. Lehen Coca Cola, Kas eta halakoak ziren soilik, baina orain zapore asko ditugu, eta dozenaka aukera daude. Azken urteetan pikantea ere sartu da, patatetan eta txutxeetan, eta jendeak probatzen ditu. Gainera, nik betiko gauzak betiko lekuetan mantentzen ditut, jendeak jakin dezan non dauden. Duela 20 urte, 10 urterekin marrubiak hartzen zituenak, orain 30ekin, badaki leku berean aurkituko duela.
Txanponekin ordaintzen jarraitzen al dute gazteek? Edo pasa dira denak txarteletara?
Askok jada txartelarekin ordaintzen dute, bai telefonoarekin, txartelarekin edo erlojuarekin, eta gazte-gaztetatik gainera. Halere, txanponak oraindik asko erabiltzen dira hemen. Txartelarena izan daiteke egon den aldaketarik nabarmenetakoa.
Ipotx aurrean dagoen bankua herriko erreferentziazko puntu batean bilakatu da jada.
Hala da. Kuadrilla askok hemen egiten dute hitzordua, eta hainbat orduz egoten dira hor. Gu lehen Correos inguruan elkartzen ginen denak gaztetan, baina orain beste leku asko daude.
Asko igo dira prezioak?
Ukrainako gerra hasi zenean, hurrengo hilabeteetan, prezioak asko igo ziren. Azukrea asko garestitu da, bikoiztu da zehazki, eta batez ere txokolatea igo da. Lacasito-ak, adibidez, bikoitza baino gehiago igo dira. Lehen gaztetxo batek euro batekin irabiatu bat, erregaliz bat eta txikle bat erosten zituen, eta orain, hori bera euro eta erdirekin erosi behar du. Lehen gominola batek bost xentimo balio zuen, eta orain gehienak jada hamar xentimotan daude. Badirudi ez dela aldaketa handia, baina bikoitza da.
Egia al da patata poltsetan geroz eta patata gutxiago datozela?
Nik uste baietz, baina hori markaren araberakoa da. Marka batzuek asko igo dituzte prezioak, eta askotan ez dakigu zergatik, beharra dutelako edo momentua aprobetxatu nahi dutelako agian. Beste batzuek prezioak mantendu dituzte, baina eduki gutxiago jarriz.
San Pedro kalean izan da beti Ipotx. Zer nolako bilakaera izan du kale honek azken hamarkadetan?
Geroz eta gutxiago da San Pedro kalea herriko erdigunea edo erreferentziazko tokia. Leku oso turistikoa da gaur egun. Lehen herriaren bihotza zen kale hau, baina orain, urteko momentu askotan ezezagunez betetzen da. Herriko jaietan askok diote udarako lehen aldia izaten dela hona jaisten direla, haien ustez ez baita jada eroso egoteko leku bat. Turistek hartzen dute herritarren lekua, eta hori nire ustez pena bat da.
Hainbesteko turismoa edukitzea abantaila bat al da herriko komertzioentzat?
Beti da laguntza bat, baina guretzat ez da lehentasuna. Guk, Amuitzetik, bertako merkataritza sustatu nahi dugu, bertakoekin egindakoa. Egun, turistek geroz eta gutxiago gastatzen dute herrian. Askoz gehiago bidaiatzen da orokorrean, baina diru gutxiagorekin. Nik askotan ikusten ditut turistak hemen aurreko bankuan eserita, supermerkatuan erositako ogitartekoak jaten. Lehen gehiago joaten ziren tabernetara. Gainera, ez dute bereziki komertzioetan gastatzen.
Amuitz Hondarribiko Merkatarien Elkartea aipatu duzu. Zer da zehazki?
Amuitzen helburu nagusia herritarrek herrian erostea da. Zaldunborda egin behar zuten garaian sortu genuen, herriko komertzioak babesteko. Jendea kontzientziatu nahi dugu, herrian eros dezaten. Badaude arazoak, aparkalekuarena bezalakoak, baina jendearen ohiturak aldatu nahi ditugu. Nire ustez guk ematen diogu bizitza herriari, guk sortzen ditugu hein batean herritarren arteko harremanak. Internet bidez egiten diren erosketak ehuneko oso handia dira, eta oso zaila da horren aurrean lehiatzea, baina guk beste gauza batzuk eskaintzen ditugu, hurbiltasuna eta tratua besteak beste. Horrez gain, uste dut Amuitzek baduela jada erreferentzia izaera bat. Portua auzoan polemikak edo arazoak egon direnean, egon da guregana jo duen jendea, gure iritzia jakin nahian, besteak beste. Uste dut Amuitzek bere izena errotu egin duela Hondarribian.
Zer nolako etorkizuna ikusten diozu Hondarribiko merkataritzari?
Zaila, oso zaila. Egoera ekonomikoak ez du laguntzen, eta Internetetik datorren konpetentzia oso handia da. Horregatik uste dut denon artean egin behar dugula lan, eta noski, laguntza behar dugu. Internetetik saltzeko sistema bat ezarri nahi dugu herrian, eta hori bera aztertzen ari gara. Argi dago komertziook gehiago eskaini behar dugula, bestela hil egingo gara.
Eta Ipotxek, oraindik badu ibilbidea?
Ni jubilatu arte behintzat bai [barrez]. Ondoren ez dakit norbaitek jarraituko duen. Niri asko gustatzen zait nire lana, oso ondo pasatzen dut hemen. Baditu bere momentu gogorrak, noski. Askok ez dute imajinatzen batzuetan izaten ditudan momentu gogorrak. Baina gazteekin dudan harremana eta hurbiltasuna oso gustuko dut.

