PSE-EEk Berdintasun Planaren aurka bozkatuko du, Berdintasun Mahaiarekin desadostasunak direla eta
Sozialisten ustez, planaren prozesuan ez da pluralitatea bermatu. Alardearen harirako gaiek bultzatu dituzte sozialistak ezezkoa ematera.
Gaur bozkatuko da II. Berdintasun Plana, martxoko Osoko Bilkuran. PSE-EEk aldez aurretik iragarri du ezezko botoa emango dutela, haien ustez “eraketa prozesuan emakumeak kanpoan utzi direlako”. Alardearen aferak busti du Berdintasun Plana, udal gobernuak aurkeztutako planean 124 ekintzatik bi alardearen ingurukoak baitira. “Alardeari buruzko irizpide propioa eta, aldi berean, desberdina izateagatik herriko hainbat emakume elkarte eztabaidatik kanpo utzi ditu”, esan dute sozialistek.
PSEren ustez, parte hartze plurala bermatzen ez duen plana da udal gobernuak aurkeztutakoa. Adierazi dute hainbat emakume elkarte ez direla deituak izan Berdintasun Mahaian parte hartzera. Berdintasun Mahaia udalak 2024. urtean sortutako egitasmoa da, non herriko hainbat eragilek, herriko arazoak eta gabeziak aztertzen dituzten, ikuspegi feministatik jorratuak. HITZAk martxoaren 8ko astekari berezian argitaratu zuen Berdintasun Mahaiaren inguruko erreportajean, bertako hainbat kidek adierazi zuten mahaia irekia dela hurbildu nahi duen ororentzat, bertan ezarritako dekalogoa onartzen den bitartean.
Dekalogo horretako f puntuan Alarde parekidearen alde jardungo duen mahaia dela adierazten da. PSEk puntu hori kentzea eskatu izan du, “mahaiaren iritzia eta helburua aurrez” ezartzen baitu. “Gure ustez, irizpide horrekin kanpoan geratzen dira aldekoak ez diren eta jarrera horrekin bat ez datozen emakume-elkarte guztiak. Berdintasunaren defentsa aldarrikapen bat da, eta Udal Talde Sozialista aldarrikapen horren defendatzailea da eta izango da, Hondarribiko emakumeen elkarte guztiak barne. Salbuespenik gabe. Eta beren jarrerak elkargune eta elkarrizketarako leku batean defendatu behar dituzte “, adierazi du udal taldeak.
Atzo, Igor Enparan alkatea Berdintasun Mahaiaren eta Berdintasun Planaren inguruan sortutako polemikaz mintzatu zen: “Sortu diren desadostasunak, dagokien testuinguruan kokatu behar dira, hau da, planaren edukian. Desadostasun hori legitimoa da, baina ezin da parte hartze prozesuaren arazo gisa aurkeztu”.

