Emakume Sarea Irun, akonpainamendua eta babesa
Txingudiko Elkarte Feministak izaera komunitarioa duen proiektua abiatu du, eta Marion Leroïc-ek koordinatuko du.
Txingudiko Elkarte Feministak berdintasunaren aldeko borrokan jarraitzen du. Berriki, Emakume Sarea Irun proiektu berria argitara eraman dute. Egoera zaurgarrian dauden emakumeei babesa eta akonpainamendua eskaintzeko doako zerbitzua izango da. Proiektu honen gidaritza Marion Leroïc-ek izango du, eta gaurtik aurrera, hilak 26, emakume interesdunek martxan izango dute zerbitzua 644 15 61 47 telefonora deituta.
Emakumeei zuzendutako programa honek esperientziak partekatzeko, orientazioa jasotzeko eta espazio segurua eraikitzeko aukera bermatuko du. Horrela, emakumeek konfiantzazko ingurune batean sare pertsonalak indartzeko espazioa izango dute. Izaera komunitarioa izango du, alegia, zaurgarri egoeran izandako emakumeek gaur egun egoera horretan daudenei lagunduko diete.
Proiektua asteartetik ostiralera garatuko dute, 9:00etatik 13.00etara, eta orientazioa eta emakumeen arteko loturak sortzeko topagunea eskainiko ditu, haien autonomia eta ongizatea indartzen laguntzeko.

