Elkarrekin korrika egiteak bidea samurtzen du
Super Amara BAT-ek eta Biarritz Olympiquek korrika egiteko bigarren topaketa egin zuten pasa den igandean, Biarritzen.
Super Amara BAT taldeak korrika egitearen zaletasuna sustatzeko bigarren topaketa antolatu zuen pasa den igandean, Biarritzen. Olympique Biarritzekin batera antolatutako topaketara 100 lagun inguru hurbildu ziren. Topaketa egun osoko plan bihurtu zuten antolatzaileek, eta goizean goizetik Bidasoa eskualdeko 30 korrikalari inguru elkartu ziren Ficoban Biarritzera abiatzeko. Biarritzen, bi ibilbide antolatu zituzten: 11 kilometrokoa eta 14 kilometrokoa.
09:15ean, hainbat autotan banatu eta Biarritzera joan ziren, bertako maratoiaren zirkuituaren zati bat ezagutzeko. Maiatzaren 3an, Biarritzeko maratoia, erdi maratoia eta 14 kilometroko lasterketa egingo dute, eta horren baitan antolatu dute bigarren topaketa bi taldeek. Erritmoaren aldetik ez dute presarik izan bi ibilbideak egiteko, eta giro ederrean egin dute bidea bertan elkartutako ehun lagun inguruk.
Entrenamenduaren ondoren, Biarritz Olympiquekoek hamaiketakoa antolatu dute, bertako kirol instalazioetan. Irunen antolatutako topaketak eta Biarritzekoak izan duen arrakasta ikusita, antolatzaileek argi dute aurrerantzean beste topaketaren bat egingo dutela eta horiek planifikatzen ari dira.
Bestalde, Super Amara BAT taldeko Imanol Gil taldekidea Torunen (Polonia) izango da, Pista Estaliko Master Europako Atletismo Txapelketan. Txapelketa honek 35 urtetik gorako atletak bilduko ditu, eta Imanol Gil M35 kategorian izango da martxoaren 29tik apirilaren 2ra bitarte. 60 metroko eta 200 metroko probetan parte hartuko du.

