Bigarren Berdintasun Plana biharko Osoko Bilkurara eramango dute
Bihar bozkatuko dute bigarren Berdintasun Plana. PSE-EEk aurreratu du ezezkoa emango duela.
Martxoko Osoko bilkura egingo dute bihar, ostegunean. Bertan, hainbat gai eztabaidatuko dira, eta horien artean, II. Berdintasun Plana onartzeko bozketa egingo dute. Udal gobernuak aurkeztu berri egin du plana. Oraingoz, PSE-EEk adierazi du kontra egingo duela, baina udal gobernuak, bere bozkekin nahikoa izango luke. “Planak 2026–2029 aldian udalerriko berdintasun-politikak gidatuko ditu, eta helburua udalerriari berdintasun politika publiko egituratu, koherente eta iraunkorra eskaintzea da”, azaldu du Hondarribiko Udalak ohar bidez.
2024. urtean eman zioten hasiera diagnostiko faseari. “Hilabeteetan zehar, udaleko zerbitzuak, langileak eta tokiko eragileak entzun dira: datu kuantitatiboak bildu, elkarrizketa sakonak egin eta talde-dinamikak garatu dira, ondoren informazio hori guztia aztertzeko”, esan du udalak. Igor Enparan alkateak, udal gobernuaren izenean, adierazi du uste dutela berdintasuna ez dela behar bezala landu Hondarribian, eta horrek gabezia batzuk ekarri dituela. “Diagnostikoak ez du soilik ikuspuntu teknikoa jorratu, izaera parte hartzailea ere izan du. Horri esker, dokumentu osoagoa, errealistagoa eta tokiko testuingurura moldatuagoa osatu da”, adierazi du alkateak.
Diagnostikoaren bidez egindako planak 124 ekintza jasotzen ditu. Laur ardatz nagusitan banatzen da: gobernu ona, emakumeen ahalduntzea, gizarte antolaketa eta zaintza, eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzak. “Gainera, planaren garapena bermatzeko, gobernantza-egitura zehatza ezarri da: berdintasun teknikaria, talde eragile politiko-teknikoa, Berdintasun Mahaia eta udal talde guztien ordezkaritza duen Udal Kudeaketa Batzordea”.
Alkateak argi utzi nahi izan du berdintasuna ez dela aukera bat, betebehar bat baizik. “Administrazio publikoek ezin dute neutral mantendu; desberdintasunak daudenean, ez jardutea ere jarduteko modu bat da, eta kasu honetan desberdintasunak mantentzea dakar”. Prozesuari buruz, Enparanek esan du ez dela inongo betorik ezta bazterketarik egon. “Sortu diren desadostasunak, dagokien testuinguruan kokatu behar dira, hau da, planaren edukian. Desadostasun hori legitimoa da, baina ezin da parte hartze prozesuaren arazo gisa aurkeztu”.
Aurrerapausorik “gabe”
Estitxu Urtizberea zinegotziak hitza hartu du aurkezpenean: “Diagnostikoak erakutsi digu gure herrian azken 30 urteetan ez direla berdintasun politikak aurrera eraman, izan ere alardearen gatazkak debate guztia kopatzen zuelako”. Testuinguru horretan, planak gaiari berariazko tratamendua ematea erabaki eta hasierako zirriborroan bi ekintza-ildo nagusi jaso ziren: “Batetik, Alardearen inguruko gatazkaren konponbidean aurrera egitea, berdintasunari lotutako auzi gisa ulertuta; eta, bestetik, alarde parekidearen alde emakumeen eskubideen defentsan pairatutako indarkeria aitortzeko moduak aztertzea”, azaldu du Urtizbereak.
Garoa Lekuona zinegotziak adierazi nahi izan du gaia jorratzea ez dela egin ala ez egiteko aukeretan sartzen: “Hori egitea eskatzen dion esparru bat betetzen ari da udala. Jarrera argia da eta gainera legeak hori exijitzen digu. Gizarte ohiturak ez dira estatikoak; denboran zehar eboluzionatzen dute, eta hala jarraituko dute. Eta bilakaera horrek bateragarria izan behar du gaur egun aitortzen ditugun oinarrizko eskubideekin, besteak beste, berdintasunarekin”.

