NANaren eta pasaportearen izapideak Hondarribian egiteko zerbitzua eskatu du EAJk
Irunen egin behar dituzte tramite horiek hondarribiarrek, eta horren aurrean, zerbitzu ibiltaria Hondarribira hurbiltzea nahi dute jeltzaleek.
NANaren eta pasaportearen izapideak Irunen egin behar dituzte hondarribiarrek. Hori bera aldatu nahi du EAJk, eta eskaera bat sartu du udaletxean, izapideak Hondarribian bertan egiteko zerbitzua eskatuz; zerbitzu ibiltaria da jeltzaleek eskatutakoa.
“Gaur egun, hondarribiarrek Irunera joan behar dute izapide horiek egiteko. Hala ere, zerbitzu hau dagoeneko martxan dago beste udalerri batzuetan, eta aukera ematen du administrazioa herritarrengana gerturatzeko eta eguneroko kudeaketak errazteko”, esan du EAJk ohar bidez. Jeltzaleen ustez, “neurri erraza” da, eta herritarren egunerokoan “hobekuntza nabarmena” ekarriko luke, “bereziki mugikortasun arazoak dituzten pertsonentzat edo kontziliazio zailtasunak dituztenentzat”.
“Administrazioa herritarrengana gerturatzea zentzu kontu bat da. Beste udalerri batzuetan martxan dagoen zerbitzu bat bada, Hondarribian ere egon behar du”, adierazi dute jeltzaleek.

