[Lekukoaren eramaileen argazkiak] Korrikak Irun argiz eta jendez bete du
04:00ak inguruan, Gurutzetik sartu da Irunera eta 18 kilometro egin ostean Berarako bidea hartu du marea euskaldunak.
Toki Alai eta Dunboa ikastetxeek lekukoa hartu dute, 1.308 kilometroan.AEK Ordua ez da aitzakia izan, eta irundarrek Korrikarekin bat egin dute. Gau bete-betean argiz bete dituzte hiriko kaleak eta Gurutze aldetik sartu da 04:00ak pasatxoan. Landetxatik Behobiara arteko 18 kilometrotan ez dira aldarrikapenak falta izan, eta euskaldunek argi erakutsi dute Irunen ere euskaraz bizi daitekeela. Euskararen mareak kaleak bete ditu, eta bi urteko hitzorduan ez dute hutsik egin euskaltzaleek. Irun atzean utzita Berarako bidea hartu du lekukoak, eta korrikalari petoenek Lesakara arteko bidea egitera ausartu dira.
Bidasoa eskubaloi taldeak hartu du Irungo lehenengo lekukoa, Oiartzundik Landetxa auzora bidean. Pasa den ostegunean, Atharratzetik (Zuberoa) hasi eta dagoeneko 1.300 kilometro egin ditu Irunera iritsi bitarte. Bidasoa eskubaloi taldeaz gain, lagun taldeak, bizilagun elkarteak, ikastetxeak, alderdi politikoak… izan dira lekukoa eskutik eskura eramaten. Irun atzean utzita, Bortziriak bisitatuko dituzte euskaltzaleek.
Aurten, Irungo herritarrek bi egunetan hartuko dute lekukoa. Hortaz, ezinbestekoa izango dute egunean zehar atseden hartzea bihar goizalderako. 05:00ak inguruan, Hendaiatik Irunera sartuko dira berriro ere AEK-ko furgonetak eta Euskara gara! lelopean, Hondarribira arteko kilometroak egingo dituzte irundarrek. Santiago zubitik sartu, eta Kolon pasealekua zeharkatuta Mendelura egingo dute, errepideak eta espaloiak jendez betez.
Hori gutxi ez, eta Hondarribiatik Lezora arteko bidean ere kilometro gutxi batzuk egingo ditu Irundik barrena, Gaintxurizketara heldu aurretik. Hortaz, oraindik ere aukera izango dute Korrikarekin bat egiteko eta Irunen ere euskararen alde! ozen oihukatzeko.
Honako elkarte hauek hartu zuten lekukoa, kilometroz kilometro.
- Irun
- 1.300 kilometroa (03:58). CD Bidasoa (Usategietarako sarreran, Oiartzundik iritsiko da)
- 1.301 kilometroa (04:04). Aritzen Lagunak.
- 1.302 kilometroa (04:11). Kateako auzokideak, Elatzeta ikastetxea.
- 1.304 kilometroa (04:15). Bidasoako EKT.
- 1.305 kilometroa (04:20). Bidasoa Lanbide Hezikzeta, Eguzkitza eta Belaskoenea ikastetxeak.
- 1.306 kilometroa (04:31). Larreaundi-Olaberria Auzo Elkartea.
- 1.307 kilometroa (04:35). Mosku euskalduna! (Sortu, Ernai eta Loratzen).
- 1.308 kilometroa (04:39). Toki Alai eta Dunboa ikastetxeak.
- 1.309 kilometroa (04:43). Laboral Kutxa.
- 1.310 kilometroa (04:46). Irungo EH Bildu.
- 1.311 kilometroa (04:51). Irungo EAJ.
- 1.312 kilometroa (04:56). Plaiaundi LHII.
- 1.313 kilometroa (05:02). Izarkom.
- 1.314 kilometroa (05:07). CAFeko LAB.
- 1.315 kilometroa (05:13). CAFeko Euskara Zerbitzua.
- 1.316 kilometroa (05:20). Argitrans.
- 1.317 kilometroa (05:26). BDSkoop.
- 1.318 kilometroa (05:32). Kemen Dantza Taldea (Berarako bidea egingo du Korrikak).
Argazkiak AEK-k eta Korrikak ateratakoak dira, hemen Korrikaren argazki guztiak.

