Haur eta gazteentzako udako programetako aurre inskripzioak ireki ditu udalak
Uda Jolas, Udabentura eta Izan Arrantzale Hondarribian dira 2026ko udan eskainiko diren jarduerak. Martxoaren 29raino luzatuko dute izen ematea.
Udan, etxeko txikienentzako eta gazteentzako hainbat egitasmo jartzen ditu martxan Hondarribiko Udalak. Uda programak dira, eta haien barnean Uda Jolas, Udabentura eta Izan Arrantzale Hondarribian aurkitzen dira. Lupe Queiruga Gazteria zinegotziak iragarri du jada irekiak daudela hiru programetan izen emateko epeak. Parte hartzeko aurre inskripzioak martxoaren 23tik 29ra irekiko dira (bi egunak barne), online, udaleko webgunetik, edo Gazteen Zerbitzuan.
Aurten, Izan Arrantzale Hondarribian da berrikuntza, urtean zehar egin denean arrakasta izan du eta. Udalaren ustez, antolatutako udako programen helburua bikoitza da: batetik, haur eta gazteei aisialdi hezitzaile, erakargarri eta euskarazkoa eskaintzea; eta bestetik, familiei udako oporrak antolatzeko baliabide erabilgarriak ematea. “Udaleku hauek aisialdiaz harago doaz: balioak lantzeko, harremanak sendotzeko eta euskaraz bizitzeko espazioak dira. Hiru programa horien bidez euskarazko aisialdi hezitzailea, parte-hartzea eta elkarbizitza sustatu nahi ditugu, adin tarte bakoitzera egokitutako jarduerekin”, esan du Queirugak.
Aurreko urteetan, eskabide kopurua eskainitakoa baino altuagoa izan da, eta hori konpontzeko konpromisoa erakutsi du udalak. Zinegotziak azpimarratu du urtez urte plaza kopurua handitzen joan dela, legeak ahalbidetzen zuen neurrian: “Ondorioz, kontratua ezin izan dugu luzatu laugarren urtera arte. Horregatik, esleipen berri bat egin dugu, eta aukera hori aprobetxatuta hainbat hobekuntza txertatu ditugu. Iaz baino 64 plaza gehiago eskainiko dira Uda Jolas eta Udabentura programetan. 2023an 320 plaza eskaini ziren, 2024an 366, 2025ean 402 eta aurten, 2026an, 466. Hau da, hiru urtean 146 plaza gehiago sortu dira”. Horrez gain, heziketa premia bereziak dituzten haurrentzako gutxieneko plaza kopurua bermatu dute.
Etxeko txikienak Uda Jolas programan apuntatu beharko dira, 5 eta 11 urte bitartekoentzakoa baita. Uztailaren 1etik 30era izango da, osotasunean 22 egun, astelehenetik ostiralera, goizez. “Jolasak, tailerrak eta dinamika parte hartzaileak izango dira ardatz”. Gazteak baina, Udabenturara bideratzen dira. 12 eta 14 urte bitartekoentzat egiten dute, bi txandatan, uztailaren 6tik 16ra eta 20tik 30era. “Abentura jarduerak, irteerak eta talde-esperientziak uztartuko dira. Saioak astelehen, asteazken eta ostiraletan goiz eta arratsaldez izango dira, eta astearte eta ostegunetan, goizez”.
Ikasteko aukera paregabea
Izan Arrantzale Hondarribian lau eguneko jarduera izango da, abuztuaren 3tik 7ra, 6 eta 12 urte bitartekoentzat. Bertan, arrantza mundua gertutik ezagutzeko aukera izango dute, hainbat gauza ikasiz, hala nola, amuak prestatzea, arrantza teknikak, produktuen tratamendua, sukaldaritza eta kontserbak. Txanda bakarra izango da eta 6 eta 12 plaza artean eskainiko dira. Eskariak eskaintza gaindituko balu, zozketa bidez egingo litzateke aukeraketa.

