Gazteek ere sasoiarekin hartu dute lekukoa Irunen
Irungo Bigarren Hezkuntzako ikasleek lekukoa hartu eta Gazte Korrika antolatu dute Mendeluko biribilgunetik Zabaltza plazaraino.
24. Korrikak Irungo kaleak gauez zeharkatu badu ere, hiriko gazteek gogoz esnatu dira gaur goizean. Irungo sei ikastetxetako Bigarren Hezkuntzako ikasleek lekukoa hartu dute, eta hiriko kaleak bete dituzte Gazte Korrikan. Mendeluko biribilgunetik Zabaltza plazara arteko ibilbide egin duten ehunka ikaslek. Gazteak ere euskararen alde! eta Ikastetxeetan ere euskararen alde! oihuak lau haizetara zabaldu dituzte.
Lekukoa hartzen lehenak Hirubideko ikasleak izan dira, eta hainbat taldetan banatuta eskutik eskura pasa dute lekukoa. San Vicente de Paul ikastetxeko ikasleek Kolon pasealekutik Artalekura arteko metroak egin dituzte, eta maldan gorako bidea Txingudikoek egin dute. Eguzkitza, Toki Alai eta El Pilar ikastetxeetako ikasleek ere aukera izan dute lekukoa Zabaltza plazaraino eramateko.
Gazteek Korrika bizitzeko gogotsu daudela erakutsi dute, eta Irungo kaleak estu gelditu dira. Zabaltza plazara helduta atseden hartzeko unea izan dute, eta lekukoak gordeta zituen mezuak irakurri dituzte. Ikastetxe bakoitzak ikasgeletan euskararen aldeko mezuak prestatu dituzte, eta jendez betetako Zabaltza plazan ahoz goran irakurri dituzte. Ikasleren batek ere beste ikastetxeko ikasleei euskara sustatzeko erronkak zabaldu die.
Jarraian, HITZAk Gazte Korrikan ateratako argazkiak:

