Laura Silvak Irun squasharen mapan jarri du
Alizia Txoperena emakumezkoen squasharen bigarren txapelketa antolatu zuten ostegunetik igandera bitarte, Artalekun.
Rafaela Albuya eta Laura Silva, Alize Txoperena txapelketanGorka Arretxe Bigarren urtez jarraian, Alizia Txoperena squash txapelketa antolatu dute asteburuan Artalekun. Bertan, hogai bat emakumek parte hartu dute, eta beste behin ere izugarrizko maila egon dela adierazi dute antolatzaileek. “Nazioarte mailako jokalari askok parte hartu dute, eta Europako txapelketen artean Irunek tokia duela erakutsi dute”, adierazi dute antolatzaileek.
Laura Silva brasildarra bigarren edizioko garailea izan da Rafaela Albuya ekuatoriarra finalean garaitu ostean. “Bi jokalari hauek Europan bizi dira, eta Europako zirkuituko txapelketa gehienetan parte hartu ohi dute”, gogorarazi dute. Hala ere, jokalari gehienek lehenengoz izan dira Txingudiko eskualdean eta eguraldi bikaina aprobetxatuta, jarduerez beteriko asteburua izan dute.
Hortaz, iazkotik izugarrizko bilakaera izan du Alizia Txoperena txapelketak. “Balorazio ezinobea izan da aurtengoa”. Aurtengo berrikuntza nabarmenena txapelketak izan duen zabalkundea izan da. Zuzenean emititu dituzte partidak PSA TV-ren bitartez. “Honek ere txapelketa profesionalizatzeko egiten dugun lanaren erakusgarri bat da, nazioartean ezaguna izan dadin”.
Instalazioak ere berritu dituzte, eta aldaketa batzuk egin dituzte txapelketa joka dadin. “Jokalariek asko eskertu dute pista hiriaren erdigunean izatea, eta horren eredua da udalarekin elkarlanean egindako guztia”. Espero dute hurrengo urteei begira, aurten izandako bilakaera positiboarekin jarraitzea.

