Biok Txingudik ez zuen partida erraza izan Mungian
Hasiera kaxkarra izan arren, partida ona egin zuen Biok Txingudik eta amaierara arte garaipenaren bila aritu ziren (46-34).
Amore ematea inoiz ez da aukera bat. Biok Txingudik denboraldiko lehenengo garaipena esku eskura izan zuen larunbatean Mungian, baina azkenean ezin izan zuten partida irabazterik lortu (46-34). Mungiako klubak eta Durangok osatutako taldeak hasiera bikaina eman zion norgehiagokari, eta 22-0 abantaila lortu zuten lehenengo minutuetan.
Lehen zatiaren amaieran bizkaitarrek sasoian daudela erakutsi zuten, eta argi erakutsi zuten haiek irabazteko lan handia egin beharko zutela txinguditarrek. Bigarren zatiko lehen minutuak joan etorrikoak izan ziren, eta bi taldeek hainbat puntu lortu zituzten. Txinguditarrek konfidantza berreskuratu zuten eta azkeneko minutuak Biok Txingudirenak izan ziren.
Partida galdu bazuen ere, itxura ona ematen jarraitzen du taldeak. Datorren larunbatean, erronka berria izango du Plaiaundin Getxoren bigarren taldearen aurka. 16:00etan hasiko da lehia.
Zaisa Txingudik ere erronka berria izango du. Iruñearen aurka galdu ondoren, Gaztediren aurkako partida izango du larunbatean, hilak 28, 18:00etatik aurrera.
Harrobiko taldeek ere hainbat partida izan zituzten asteburuan. Gabiria/Txingudi/Baztanek ezin izan zuen garaipena eskuratu Gaztediren aurka, eta 40-26 galdu zuten. 16 urtez azpikoek berriz, Txingudi/Baztan/Orereta taldeak, garaipen sendoa lortu zuen Plaiaundin Ordiziaren aurka (60-22). Partidan sendotasuna erakutsi zuten hasieratik, eta hamar entsegu eta bost eraldaketa egin zituzten.

