Belaontziak itsasora, Elkarrekin Ababorren eskutik
Ababor azoka aurten ez da egingo, bi urtean behin baita, baina halere, Ficobak antolatuta eta hainbat erakunderen laguntzarekin, Elkarrekin Ababor egitasmoa egingo dute.
Ababor azoka nautikoak bi urtean behin egiten du jarduna, eta iaz, hala izan zen. Halere, aurten azoka ez den arren, presentzia izango du, eta larunbat honetan Elkarrekin Ababor egingo dute Hondarribian. Ficobak antolatzen dituen jardunaldiak dira, baina Euskal Kirol Portuak, Hondarribiko Klub Nautikoak, Euskal Bela Federazioak, Gipuzkoako Bela Federazioak, Hondarribiko Udalak eta Irungo Udalak haien laguntza eskaintzen dute. “Jardunaldi hauek aukera bikaina dira, itsas kultura sustatzeko, elkarlana indartzeko eta Ababor azokaren espiritua bizirik mantentzeko”, azaldu du Maialen Gaztañaga Ficobako kideak.
Belaontzien zeharkaldi bat egingo dute larunbatean. “Azken urteetan 30 barku inguru elkartu izan gara. Gipuzkoako kostaldetik ibiliko dira”, azaldu du Xabier Mendiguren Hondarribiko Klub Nautikoko kideak. Horrez gain, arrantza lehiaketa egingo dute, eta azaldu dutenez, 20 bat ontzik hartuko dute parte bertan. “Parte hartzaileek sariak, ezustekoak eta itsas giroa paregabea izango dituzte, jardunaldia oroitzapen eder bihurtuz”, azaldu du antolakuntzak.
Hondarribiko Done Pedo Itsas Gizonen Kofradiak emandako arrainarekin parrillada egingo dute Nautikoan, 13;30ean. “Denak hemen elkartuko gara, eta giro polita osatuko dela espero degu. Eskerrak eman nahi dizkiot Kofradiari ere, haien laguntzagatik”, esan du Mendigurenek. Erakundeen arteko elkarlanean egindako jarduera bat dela adierazi du Igor Enparan Hondarribiko alkateak, eta hori bera nabarmentzea garrantzitsua dela. “Natur giroan egindako ekitaldiek kontzientziazioa sustatzeko balio digute, ingurune eder honekin elkarlotuta nola bizi gaitezkeen erakusten digute”.
Izen ematea irekita dago. Estekara joateko, egin klik hemen.

