Lakaxitako eraso faxistak salatu dituzte, indarrak batuz
Elkarretaratzea egin dute gaur, Lakaxitak jasotako eraso faxistak direla eta. Horrez gain, eraikinaren etorkizunaz mintzatu dira.
Aste honetan berriro ere faxistek Lakaxita gaztetxea erasotu dute, bertan mezu faxistak idatziz. Enegarrenez egindako akzioa da, eta horren aurrean, Lakaxitako kideek egoera publikoki salatzea erabaki dute. Gaztetxeek gaur egun duten egoera iragarri eta faxismoaren gorakada salatu nahi izan dute, elkarretaratze bat eginez gaur Mosku plazan.
“Euskal Herri osoan gaztetxeek egun bizi duten testuinguru politikoa zapaltzailea da. Sastraka gaztetxea, Errekalde gaztetxea, Kiñu gaztetxea eta Donostiako Guardetxearen desalojoak eta desalojo arriskuak ikustea besterik ez dago. Donostiko gazteek 32.000 euroko isuna jaso berri dute”, azaldu dute gaztetxeko kideek. Haien ustez, desalojoekin eta gaztetxeen suntsipenarekin, kultura, militantzia, gazteen espazioak eta alternatibak suntsitzen ari dira eta “besoak gurutzatuta eta obediente egotea nahi dute”. Halere, argi erakutsi dute haiek faxismoaren aurkako borrokan jarraituko dutela, eta baita ere gaztetxeak saretzen.
“Irungo eta Bidasoako espazio okupatu eta autogestionatu bakarra da Lakaxita eta horregatik, faxistek etengabe erasotzen egotea ez da kasualitatea. Faxistek sistemaren edozein alternatiba suntsitzea dute helburu, zapaltzea eta isilaraztea eta gaztetxeak dituzte jo mugan, besteak beste”. Horren aurrean, eraso guztiei erantzuna emango dietela adierazi dute, eta haien aurka egingo dutela.
Aurrera begira
Horrez gain, Lakaxitaren etorkizunari buruzkoak eguneratzeko aprobetxatu nahi izan dute hitzordua. “Datorren hilaren 11n hasiko dira San Miguel-Anaka eremuan baita Sancheskiren lurretan ere etxebizitzak eraikitzen eta oraindik ez dakigu zein den Lakaxitaren etorkizuna”. Gainera, esan dute `plano eta informazio kontrajarriak jaso dituztela. “Garai gazi gozoak dira gaztetxearentzat: faxisten eraso etengabeak eta udalaren isiltasuna gure eraikinaren eta lursailen etorkizunaz”.

